Abortoa -
Abortuaren legea
Abortu eugenesikoa ez zigortzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari
Espainiako Gobernuak mahai gainean jarri duen abortuaren legearen erreformarekin txosten kritiko bat kaleratu du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak mahai gainean jarri duen abortuaren legearen erreformarekin txosten kritiko bat kaleratu du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak. Besteak beste, abortu eugenesikoa ez zigortzeko eskatu dute, baina ez dute aurreproiektua bertan behera uzteko eskatu.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Kontzebituaren Bizia eta Haurdunaren Eskubideak Babesteko Lege Organikoaren aurreproiektuaren baldintza orokorrak bermatzen dituen txostena onartu du. Halere, aldaketak gomendatzen ditu, hala nola, abortu eugenesikoa despenalizatzea eta hori amari egindako min psikologikotik banatzea.
Carmen Llombart kide kontserbadoreari eskatutako txostenak bere sektore bereko hamar batzordekideren baiezko botoa jaso du, zortzi kide progresistek ezezkoa eman diote, eta hiru lagunek ez dute botorik eman, erakunde honek jakinarazi duenez.
Horrela, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko 11 kidek desegokitzat jo dute erreforma edota zuzenean bertan behera uztea, baina zatituta eman dutenez botoa, ez dute nahikoa boto lortu.
Halere, Kontseilu Nagusiak Gobernuari hainbat aldaketa egitea eskatu dizkio. Aldaketa horiek gaur onartu den txostenetan zetozen eta bigarrena, kritikoena, ezin izan da aurrera atera.
Bere aldetik, Soraya Sanez de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak adierazi du "interes handiz" aztertuko dituztela abortuaren legea berritzeko batzordeak helarazi dizkien txosten guztiak.
"Txosten guztiak interes handiz aztertuko ditugu. Horretarako eskatu ditugu, eta gainera, tramitazioa modu zuzenagoan, osoagoan eta komenigarriagoan eramatea dela deritzogu", adierazi du Saenz de Santamariak Ministro Kontseiluaren osteko prentsaurrean.
Presidenteordeak adierazi du txostenak "oso modu zehatzean" aztertuko dituztela, eta gero, "txostenetan irakurritakoaren arabera, Gobernuak onartzen dituen aldaketei buruz" informatuko dute.