Gizartea -
Aranzadiren txostena
Gipuzkoak legea bete zuen 1940 eta 1990 bitarteko adopzioetan
Aranzadiren txosten baten arabera, ez zen "irregularitaterik" izan. Fraisorok 2.657 haur hartu zituen 1940 eta 1990 artean, eta horien % 50,5 senide biologikoekin itzuli ziren.
Aranzadi Zientzia elkarteko teknikariek egindako txosten baten arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak "zorrotz" bete zituen 1940. eta 1990. urteen bitartean adingabeen adopzioari buruz zeuden legeak. Horrela, ez du uste "irregularitaterik" izan zenik eta amei "babesa" eman zietela nabarmendu du.
Marina Bidasoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren zuzendaria eta Eva Garcia eta Laura Pego Aranzadiko teknikariak lapurtutako haurren eta adopzio irregularren kasuak ikertzeko batzordean izan dira, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Villabonako Fraisoro etxean garai horretan dokumentatutako agiriak aztertu dituzte.
Bidasorok jakinarazi duenez, 50 urte horietan 2.627 haur izan ziren etxe horretan, eta horien % 50,5 senide biologikoekin itzuli ziren. Halaber, Fraisoron hartutako 171 ume (% 6) hil ziren garai horretan, 1944. eta 1947. urteen bitartean izan ziren bi izurrite dela eta. Tasa hori "txikia" dela adierazi dute teknikariek. 107 ume (% 4) beste etxe batzuetara eraman zituzten bost urte (Fraisoron egoteko gehienezko adina) bete zituztenean; Tolosako erruki-etxera, esaterako.
Horien esanetan, Gipuzkoako etxea garaiko babes-egoitzen artean "erreferente" bihurtu zen. Gainera, "legeak ezartzen zuena zehatz-mehatz" bete zutela azaldu dute Aranzadiko teknikariek, eta kasuen % 75 inguruan amaren oniritzia jasotzen zuen dokumentu bat aurkitu zutela. Dirudienez, kasuen % 7,25ean ama aurkitzen saiatu ziren eta kasuen % 4n ez zegoen ama aurkitzeko modurik. "Fraisorok etxekolanak egin zituen", adierazi dute.
Etxe horretan haurra utzi behar zuten amen profilari dagokionez, baliabiderik gabeko ezkongabeak ziren gehienak. Adingabeak "erreklamatzeko" eskubidea zuten, urte askoan beste familia batekin egon arren: foru erakundearentzat, "lehentasuna" zen umeak familia biologikoetara itzultzea.