Gizartea -

Desagerpena

Kolonbian galdutako arabarraren neskalaguna Cabo de la Velara joan da

Borja Lazaro, 34 urteko argazkilari gasteiztarra, La Guajira departamentuan desagertu zen urtarrilaren 7an.

Urtarrilaren 7tik desagertuta dago Borja Lazaro argazkilari gasteiztarra. Argazkia: @blazaroherrero
Urtarrilaren 7tik desagertuta dago Borja Lazaro argazkilari gasteiztarra.
Borja Lazarori zer gertatu ote zaion zantzurik gabe dago familia

1:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtarrilaren 7an Kolonbian desagertu zen Borja Lazaro 34 urteko gasteiztarraren neskalagunak Cabo de la Vela herrira bidaiatu du. Karibeko itsasoaren aurrean dagoen udalerri horretan hartu zuen ostatu Lazarok, eta bertan ikusi zuten azken aldiz.

Jatorri mexikarreko neska atzo iritsi zen Kolonbiara, eta gaur haren bikotekidea desagertu zen herria ikusi du, ikerketa daramaten agenteek lagunduta.

Borja Lazarok ingeniari informatiko lanak burutzen zituen Luxenburgon, baina argazkigintza zuen gustuko. Hori dela eta, urrian Hego Ameriketara bidaiatu zuen, eta Kolonbiako La Guajira departamentuan zebilen erreportajeak egiteko asmoz. Familiaren bozeramaileen arabera, Lazarok, kamera eskuetan hartuta, zortzi hilabetez Hego Ameriketan zehar bidaiatzeko asmoa zuen.

Bakarrik bidaiatzen bazuen esperientzia, eta lagun asko zituen bidaiatu zuen herrialdeetan, lehenagotik ere horietako askotan izana baitzen.

Urtarrilaren 7tik 8rako gauean ikusi zuten azken aldiz. Alemaniako, Txileko eta Kolonbiako lagun batzuekin izan zen orduan. Alemaniako turista horietako batek Lazaroren gela berean hartu zuen ostatu, eta haren neskalagunarekin batera joan da Cabo de la Vela bisitatzera.

Arabarraren Gasteizeko familiak eta lagunek blog bat sortu dute, www.paraderoborja.org, haren argazkiak eta deskribapen fisikoak eskainiz, bilaketa lanetan laguntzeko.

Kolonbiako Polizia Nazionalak zonaldea miatzen dihardu lurretik eta itsasotik. Itsasoan ito izanaren hipotesiak indarra galdu du azken orduetan, desagertu zela 20 egun igaro direnean, oraindik ez baita gorpua agertu.

Lazaroren familiak egunero hitz egiten du bilaketaz arduratzen ari den Polizia taldearen buruarekin.

Lehendakaritzako iturrien arabera, momentu gogor horietan, Eusko Jaurlaritza desagertuaren familiari babesa emateko prest agertu da. Gainera, Bogotako euskal delegazioa Kolonbian dagoen Espainiako enbaxadarekin kontaktuan jarri da, kasuaren berri izateko.

Borja Lazaroren familiaren bozeramaileen arabera, gazte arabarra "ez da hasiberri bat" bidaien kontuan, eta zer gertatu ote zaion ideiarik ez dutela aitortu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arabako berriak