Gizartea -
Lan istripu larria
Antzuolako ezbeharra ikertuko du Gipuzkoak, 'ardurak argitzeko'
33 urteko behargina hil da Beasain-Durango korridoreko lanetan, gidatzen ari zen kamioia ezponda batetik jausi eta irauli ostean. Ibilgailuaren balaztak txarto zeuden, ELAk salatu duenez.
Erredakzioa
Asteazken honetan Antzuolan, Beasain eta Durango lotzeko korridorearen lanetan, jazo den lan istripua ikertuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak, "egon daitezkeen ardurak argitzeko".
33 urteko langile bat hil da goizean Beasain Durangorekin lotzeko Gipuzkoako Foru Aldundia egiten ari den korridorean. Gidatzen ari zen Dumper kamioia 10 metroko ezponda batetik jausi eta irauli egin da, Segurtasun Sailak zehaztu duenez.
Ezbeharra 8:10ean jazo da. Lanean zebilen Dumper kamioi bat ezponda batetik behera jausi eta irauli da, langilea bertan harrapatuta. Ibilgailu barruan zegoen behargina ateratzeko suhiltzaileak bertaratu badira ere, haren heriotza baieztatu baino ezin izan dute egin osasun zerbitzuek.
Irailean EAEn hil den 6. langilea da honakoa.
Gipuzkoak gertatutako ikertuko du
Heriotza deitoratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar batean. Agirian adierazi duenez, "garrantzitsua da oso prebentzio eta lan harreman eredu berri bat sustatzea, lan duin eta ziur bat ardatz izanda".
Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide Azpiegiturako foru diputatua eta Joseba Altube Bide Azpiegituren zuzendaria Altzuolan izan dira, istripua izan den lekuan.
Balaztak txarto zeuden, sindikatuen arabera
Istripu honen atzean dauden lan baldintza eskasak eta makineriaren egoera kaskarra salatu dute ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. ELAk eta CCOOk ezbeharra salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte biharko, 12:00etan.
ELAk ohar batean adierazi duenez, hildako behargina UTE-Lapatzak azpikontratatutako Aballa S.L enpresakoa zen. Gidatzen zuen Dumper kamioiaren balaztek "kale egin dute" eta ibilgailutik irteten saiatzean, "azpian harrapatu du". Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean Leire Heredia ELAren Lan Segurtasuneko kideak esan duenez, "orain aste batzuk sustoa izan zen gaur istripua izan duen kamioiarekin".
Hain justu, hildako beharginak lan egiten zuen enpresaren kontrako salaketa bat bazegoela jakinarazi du ELAk. Urnietako Aballa enpresa Lan Ikuskaritzan salatu zuen irailaren 11n. Sindikatu horren arabera, beharginek "lanaldi luzeak" egiten dituzte eta "presiopean" daude, "lan hitzarmena urratuz". Bilera izan zuten atzo sindikatuko ordezkariak eta enpresako gerenteak auzia aztertzeko.
Istripua ikertzeko eta 'ardurak argitzeko" galdegin du sindikatuak. Haren hitzetan, "ezbeharrak agerian utzi du makineriaren mantentze lan falta eta herri lanak gai horretan agertu duen utzikeria".
Ildo beretik mintzatu da CCOO. Salatu duenez, "gaur istripua izan duen ibilgailuak zigilatuta behar zuen, balaztak txarto zituelako".
LABen iritzian, "lan baldintzak aldatzen ez diren artean", istripuak egoten jarraituko du. Azpikontratak, enpleguaren behin-behinekotasuna, obren kontrol falta eta lan hitzarmenen urratze sistematikoa aipatu ditu adibide gisa.
Herri lanetan dauden segurtasun neurriak bermatzeko "ikuskatzeak gogortzeko" eskatu du UGTk, diru publikoz egindako lanak "eredugarri" izan behar baitira. Antzuolako istripua ikertzeko galdegin du, era berean.