Gizartea -

Garoñaren luzapena

Energia sistemak ezin diola Garoñari uko egin uste du Soriak

Energiaren Estatu Idazkaritza CSNren txostenaren "analisi sakona" egiten ari dela adierazi du eta behin betiko erabakia "datozen egunetan" ezagutuko dela jakinarazi du.

Jose Manuel Soria Industria, Energia eta Turismo ministroa. Argazkia: EFE
Jose Manuel Soria Industria, Energia eta Turismo ministroa.
Soria: 'Espainiak ezin du dituen energia iturriak ixteko luxua hartu'

1:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako energia sistemak ezin diola Garoña zentral nuklearrari uko egin uste du Jose Manuel Soria Industria, Energia eta Turismo ministroak, "Espainiak, ezin duelako dituen energia iturriak ixteko luxua hartu".

Ingurugiroari eta segurtasunari dagokion neurri guztiak betetzen badira, luzapenaren alde azaldu da ministroa Burgosen, Gaztela eta Leon Irrati Telebistan egindako elkarrizketan.

Ildo horretan, Energiaren Estatu Idazkaritza Nuclenorrek eskatutako luzapenerako CSNk argitaratutako aldeko txostenaren "analisi sakona" egiten ari dela adierazi du eta behin betiko erabakia "datozen egunetan" ezagutuko dela jakinarazi du.

Arabarrek itxiera nahi dutela dio Prietok

Arabarrek ez dutela "azalpenik nahi" esan dio Txarli Prieto Arabako PSE-EEren idazkari orokorrak Javier de Andres ahaldun nagusiari eta "Garoña ixtea nahi dutela" gaineratu du.

Era honetan, Ahaldun Nagusiaren azken adierazpenak kritikatu ditu eta "oso kezkagarriak" direla uste du "arabarren gehienek auzi honetan nahi dutena defendatzen ez duelako".

EAEko PP

Carmelo Barrio PPk Araban duen bozeramailearen arabera, PSOEk eta EAJk Garoñak funtzionatzen jarraitzeko erabakiak hartu dituzte.

Ildo horretan, Zapateroren Gobernuak 2009an Garoñaren itxiera erabaki zezakeela ekarri du gogora eta luzapena onartu zuela azpimarratu du.

Halaber, "EAJk BBK gobernatu du, Iberdrolaren akzioduna. Hau, Endesarekin batera, Nuclenorren nagusia da, hau da, Garoñaren jabea", azaldu du eta aukera izan duen esparru ekonomikoetan ez duela zentralaren itxieraren aldeko erabakirik hartu esan du.

Soriak Batzar Nagusietan hitz egiteko eskatu du EH Bilduk

Azkenik, EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan Jose Manuel Soriak agerraldia egiteko eskatu du Garoñaren etorkizunaz azalpenak emateko.

Horien iritziz, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren erabakia "onartezina" da, baina "azken hitza" Industria ministroak duela esan dute, horregatik, "PPri, behin eta berriro, batik bat Arabako buruzagiei, eskaera hori ez onartzeko eta horri aurre egiteko eskatu izan zaio", adierazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia argazkiak Garoña Ekologia gaur