Gizartea -

Eztabaida energetikoa

Zer da ‘fracking’a?

Lurpetik gas naturala erauzteko teknika bat da. Horretarako, osasunerako eta ingurumenerako kaltegarriak diren gehigarri kimikoak erabiltzen dituzte.

'Fracking'aren bidez gasa erauzteko plataforma baten irudia. Argazkia: EITB.
'Fracking'aren bidez gasa erauzteko plataforma baten irudia. Argazkia: EITB.
'Fracking'aren bidez gasa erauzteko plataforma baten irudia. Argazkia: EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frackinga edo haustura hidraulikoa presio handiko fluido baten bidez harri-geruzak hausteko eta gas naturala erauzteko teknika bat da. Horretarako, bertikalean zulatu behar da erreserbak dituzten harri-formazioetara heldu arte (normalean 1.000 eta 5.000 metro artean egon ohi dira). Ondoren, horizontalean zulatzen jarraitzen dute, 1.500 eta 3.000 metro inguru.

Une horretan, harea (% 98) eta produktu kimikoak (% 2) erantsita, milioika litro ur injektatzen dute presio handian, gas naturala biltzen duen harkaitza zartatzeko. Horrela, gasa askatu eta azalera arte igotzen da hoditik, urarekin eta osagai kimikoekin batera. Leherketa horiek lurrikarak sor ditzakete.

Gasarekin eta produktu kimiko horiekin batera, urak beste substantzia batzuk ere garraia ditzake, askotan arriskutsuak, baita erradioaktiboak ere. Azalera osasunerako kaltegarriak diren metal astunak hel daitezke, merkurioa eta beruna, besteak beste. Hondakin-ur hori azalean biltzen dute, hainbat putzutan.

Ingurumen-arazoak

Iragazgaitzek, hodiek eta hesiek huts egin dezakete; edota euriteek putzuek gainezka egitea eragin dezakete. Hori dela eta, erraza da ura isurtzea eta inguruan filtratzea.

Haustura hidraulikoa eraginez gas ugari erauzteko, beharrezkoa da hainbat putzu egitea, lursail handiak okupatuta, eta gai kimikoekin nahasitako milioika litro ur injektatzea.

Hainbat estatuk urteak daramatzate erregaiak erauzteko teknika hori erabiltzen, AEBek batez ere. Herrialde horietan, ustiatze horiek eragindako hainbat arazo aurkitu dituzte. Hala, prozesu horrek hainbat ingurumen-arazo sor ditzakeela egiaztatu dute, horien artean lurpeko uren kutsadura, kutsadura atmosferikoa, negutegi efektua sortzen duten gasen isurketa (metanoa), lurrikarak, kutsadura akustikoa, eta paisaiarako inpaktuak.

2011n, Europar Parlamentuko Ingurumeneko, Osasun Publikoko eta Elikagaien Segurtasunerako Batzordeak zabaldutako txostenaren arabera, haustura hidraulikoak "substantzia kutsatzaileak isurtzen ditu atmosferara, eta lurpeko urak kutsatzen ditu fluido eta gasen jarioengatik, hausturetarako erabiltzen dituzten likidoen isurketengatik, kontrolatu gabeko hondakin-uren husteengatik eta gas naturala askatzeko erabilitako produktu kimikoengatik (600 baino gehiago)".

Europako hainbat lurraldetan debekatu egin dute haustura hidraulikoa, Frantzian, Bulgarian, Irlandan, Errumanian, Txekiar Errepublikan edota Alemaniako hainbat estatutan, esaterako. Beste batzuetan, Austrian kasu, limite zorrotzak ezarri dituzte frackinga erabiltzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Frackinga berriak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Gas naturala