Gizartea -
Datu berriak
Marta del Castilloren gorpua aurkitzeko kartzelatik atera dute Carcaño
'Diario de Sevilla' egunkariak argitaratu duenez, La Rinconada herriko lursail batean lurperatuta dagoela aitortu du Miguel Carcañok.
Erredakzioa
Miguel Carcaño Marta del Castillo gaztea hiltzea aitortu zuen gaztea bi aldiz atera da kartzelatik azken hilabeteetan, ikerketako iturriek jakinarazi dutenez. Antza denez, gorpua non dagoen zehazteko atera da, baina, oraingoz, ez dute gorpua aurkitu.
Polizia iturrien arabera, birritan atera da Miguel Carcaño Sevillako Moron de la Frontera herriko kartzelatik bertan sartu zutenetik: urrian eta apirilean.
Diario de Sevilla egunkariak argitaratu duenez, Marta del Castilloren gorpua La Rinconada herriko lursail batean lurperatuta dagoela aitortu du Miguel Carcañok. Aitorpen hori tarteko atera dute birritan kartzelatik, gorpua non dagoen zehaztu dezan. Hala ere, oraingoz, ez dute Marta del Castilloren gorpua aurkitu.
Marta del Castilloren aitak adierazi duenez, ostiralean izapide berriak aurkeztu zituzten epaitegian, baina ez du horren gaineko informaziorik eman nahi izan epaileak horren berri aldeei eman aurretik.
Lau urte hauetan Poliziak Marta del Castillo bilatzen jarraitu izana baloratu du Antonio del Castillok. "Ikerketa oso sakona da, eta ez dut xehetasun gehiago emango, ikerketa eta nire alabaren bilaketa arriskuan ez jartzeko", gaineratu du.
Antza denez, Poliziak sinesgarritasuna ematen dio Miguel Carcañoren bigarren bertsio horri, eta Marta del Castilloren gorpua La Rinconadan egon daitekeela uste du.