Ekonomia -
Gerra komertziala
Trumpek bete egin du mehatxua, eta bikoiztu egin ditu Txinako produktuen gaineko muga-zergak, % 104ra arte
Beijingeko produktuen gainean ezarritako zergak gauerdian sartuko dira indarrean. Gaur bertan, Txinako agintariek "irmo gaitzetsi" dute Ameriketako Estatu Batuak "xantaiaka ibiltzea".
AGENCIAS | EITB Media
Donald Trump AEBko presidenteak bete egin mehatxua, eta Txinako produktuen gainean ezarritako muga-zergak bikoiztu ditu, % 104ra arte, Etxe Zuriak Fox Business kateari gaur baieztatu dionez. Beijingi ezarritako zerga berriak gauerdian sartuko dira indarrean.
Buruzagi errepublikanoak aste honetan esan duenez, Txinak eguerdirako % 34ko muga-zerga kendu ezean, astearte gauerditik aurrera % 50eko beste zerga bat ezarriko zuen.
Denbora hori agortu baino lehen, Txinak muga-zergen akordioa "etsi-etsian" nahi zuela esan du Trumpek, eta negoziatzen "nola hasi" ez zekitela erantsi. Etxe Zuria Xi Jinping Txinako presidentearen deiaren zain zegoela erantsi du.
Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramailearen ustez, Txina "erratu" egin da AEBko muga-zergei erantzunda, Beijingek Washingtonekin akordioa "nahi" eta "lortu behar" duela esan ere.
"Estatu Batuek ukabilkada bat jaso eta indar handiagoz itzultzen dute kolpea. Horregatik, gauerdian sartuko dira indarrean % 104ko muga-zergak. Hala ere, presidenteak uste du Xik eta Txinak akordio batera iritsi nahi dutela. Baina ez dakite nola hasi", laburbildu du.
Nolanahi ere, Leavittek adierazi du Trump "eskuzabala" izateko prest dagoela Txinak negoziatzera esertzea erabakitzen badu, "hori izango litzatekeelako onena amerikarrentzat".
Gaur bertan, Txinako agintariek "irmo gaitzetsi" dute Ameriketako Estatu Batuak "xantaiaka ibiltzea".
Joan den ostiralean, Txinak Trumpen arantzelei aurre egiteko neurri-sorta bat martxan jarri zuen; izan ere, Txinako produktuei ezarritako zergak gutxienez % 54ra igo zituzten.
Era berean, Txinak salaketa aurkeztu zuen Munduko Merkataritza Erakundean, Ameriketako Estatu Batuen aurka, bere kide komertzial guztiei "elkarrekiko muga-zergak" ezartzeagatik.