Ekonomia -

BALENCIAGA ONTZIOLAK

Balenciagaren hartzekodunek zorra murriztea adostu dute, eta inbertitzaileekin negoziazioak erraztu dira

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak adierazi duenez, akordioa "albiste bikaina da enpresarentzat, langileentzat, Zumaiarentzat, Gipuzkoarentzat eta Euskadiko industria eta ekonomiarentzat".

Astilleros Balenciaga, artxiboko irudi batean. Foto: EFE
Astilleros Balenciaga, artxiboko irudi batean. Foto: EFE

Astilleros Balenciaga, artxiboko irudi batean. Foto: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Konkurtso-administratzaileak onartu egin du Balenciaga ontziolen hartzekodunek zorraren zati bat kentzeko egindako proposamena, eta Eusko Jaurlaritza lanean ari da enpresarentzat "etorkizuneko proiektu industrial bat bermatuko duten" balizko inbertitzaileekin, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak iragarri duenez.

Sailburuak adierazi duenez, akordioa "albiste bikaina da enpresarentzat, langileentzat, Zumaiarentzat, Gipuzkoarentzat eta Euskadiko industria eta ekonomiarentzat".

Jauregik nabarmendu duenez, akordioak hartzekodun guztiek zorraren zati bat kitatzea onartzen dutela esan nahi du, eta horrek, berez, Balenciagaren "egungo egoera desblokeatzea" dakarrela.

Joan den astean jakin zen Cofides enpresak, Balenciagaren ontziolen hartzekodun nagusiak, konpainiaren zorra 15 milioi eurotik 8,5 milioi eurora jaistea onartu zuela. Orain, gainerako hartzekodunek ere bat egin dute bide horretan. 

Akordioan inplikatutako alde guztien lana nabarmendu du sailburuak ohar batean, eta beren-beregi eskertu du "hartzekodun guztiek ontziolak zor duen zenbatekoaren zati bat kentzeko erabakiarekin erakutsi duen akordiorako borondatea".

Halaber, aipamen berezia egin dio "Cofides eta Elkargik akordioa lortzeko egindako ahaleginari", bai eta Gipuzkoako Foru Aldundiari ere, "une oro lan egin baitu, Eusko Jaurlaritzarekin batera, Balenciaga ontziolarako irtenbidea bilatzeko". 

Jauregik azpimarratu duenez, "akordioak garrantzi handia du, orain arte blokeatuta zegoen ontziolaren etorkizunerako bide itxaropentsua zabaltzen baitu, eta inbertitzaile posibleekin egiten ari den negozioazioan hurrengo urratsak ematea ahalbidetuko baitu".

Argitu duenez, Eusko Jaurlaritza lanean ari da Balenciaga ontziolarentzat etorkizuneko industria-proiektu bat bermatuko duten inbertitzaile posibleekin, Andoitz Korta Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko sailburuordearen taldeak zuzentzen duen negoziazioaren bidez. 

Zuhurtziaz

Ildo horretan, zuhurtzia eta diskrezioa eskatu du sailburuak negoziazio-bidearekin jarraitu ahal izateko, "urrats handia" izanagatik, "ez baita nahikoa, eta oraindik bide luzea baitago egiteko". 

Jauregik Eusko Jaurlaritzak Euskadiko industriarekin eta "gure gizartearentzat aberastasuna, enplegua eta ongizatea sortzen duten euskal enpresekin" duen "konpromisoa" berretsi du.

"Euskadiko beste industria-proiektu batzuetan egin dugun bezala, Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko du industria-proiektu sendoak eta etorkizunekoak gidatu ditzaketen  inbertitzaileak erakartzeko, bai gure industria bertan errotu, hazi eta heda dadin sustatzeko, bai kalitatezko enplegua bultzatzeko, bai hornitzaileen arduera bermatzeko. Bide horretan, proiektu horiek beti izango dute Eusko Jaurlaritzaren laguntza", azpimarratu du.

Azkenik, sailburuak "erakundeen arteko lana eta lankidetza eta Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko sintonia ona" nabarmendu eta eskertu nahi izan ditu. "Beste behin ere, administrazioek helburu komun batean lan egiten dugunean gizartearen mesedetan egin dezakegunaren adibide ona dela uste dut", amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Zumaia Albisteak Enpresaburuak