Ekonomia -
OPOSIZIOAK
Epaileak artxibatu egin du Osakidetzaren 2016-17ko Lan Eskaintza Publikoaren ustezko filtrazioen auzia
Epaitegiko titularraren ustez, "ez dago legez kontrako delitua egin izanaren arrazoizko zantzurik", bi ikerturen kasuan izan ezik, horien auzia behin-behinean artxibatu baita.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gasteizko Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegiko titularrak kasua artxibatu du Osakidetzako 2016-2017ko Enplegu Publikorako Oposizioko azterketen ustezko filtrazioengatik, "ez baitago legez kanpo jardun izanaren arrazoizko zantzurik", bi ikerturen kasuan izan ezik, horien auzia behin-behinean baino ez baita artxibatu.
Epaileak 164 orrialdeko autoa eman du prozeduraren instrukzioa amaitzeko eta "prozedura honetan ikertuak izan diren espezialitate guztiei buruzko jarduketak artxibatzea erabaki du, kirurgia plastikoari, estetikoari eta konpontzaileari buruzkoak izan ezik".
"Ez da inola ere zantzuen arabera justifikatuta geratu espezialitate horietan ikertu zirenek azterketen zaintzan galderen filtrazioa edo desleialtasuna egin izana". Beraz, "legez kontrakoa egin izanaren arrazoizko zantzurik ez dagoenez", 17 ikerturen kasuak largestea erabaki du.
Kirurgia Plastiko, Estetiko eta Konpontzailearen espezialitatearen kasuan, ikertutako bi pertsonen gaineko jarduketen largespena ez da behin betikoa, behin-behinekoa baizik.
Autoa ez da irmoa eta errekurritu egin daiteke.
Auzi honen ondorioz, zenbait goi-kargudunek dimisioa eman zuten Osasun Sailean: Jon Darpon sailburua, Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusia, Juan Carlos Soto Giza Baliabideen zuzendaria eta Xabier Balerdi zuzendariordea.
Osasun Saila: "Epaiak berretsi egiten du ikertutakoen zintzotasuna"
Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila "pozik" agertu da, eta azpimarratu du erabaki judizialak "berretsi" egiten dituela ikertutako pertsonen "zintzotasuna" eta "Osakidetzako profesionalen integritatea".
"Erabaki horrek Osakidetzako administrazio-prozedurekiko konfiantza indartzen du, eta Osasun Sailak gardentasunarekin eta justiziarekin duen konpromisoa azpimarratzen du", gaineratu du.
Urkulluk "ordaina" eskatu du
Bere aldetik, Iñigo Urkullu lehendakariak gogorarazi du "azken minutura arte" defendatu zuela Osasun Sailaren eta Osakidetzaren kudeaketa, eta sailburu baten dimisioa onartu behar izan zuela, "errugabea dela jakinda ere".
Auzi judiziala ireki zutenean agintean zegoen Urkullu, eta salatu du "jazarpen soziala, politikoa eta mediatikoa" jasan zutela. Horregatik, ikertutako pertsonek "ordaina" jasotzea espero duela adierazi du.
Bestalde, "atsekabea" agertu du, "eragile politikoek eta sindikalek politika egiteko izan zuten modua" ikusita. Izan ere, haren aburuz, auzitara eraman zituzten horretarako arrazoirik ez zuten hainbat auzi.