Ekonomia -
Banka sektorearen irabaziak
Santander banketxeak 9.309 milioi euroko irabaziak izan ditu irailera arte, % 14 gehiago iazko datuen aldean
Hirugarren hiruhilekoan 3.250 milioi irabazi ditu Ana Patricia Botin zuzentzen duen entitateak, iazko epe berean baino % 12 gehiago.
Agentziak | EITB MEDIA
Santander banketxeak 9.309 milioi euroko irabaziak eskuratu ditu urtarriletik irailera, iazko epe berean baino % 14 gehiago, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak (CNMV, gazteleraz) gaur jakinarazi duenez.
Hirugarren hiruhilekoan 3.250 milioi irabazi ditu, 2023ko epe berean baino % 12 gehiago.
Banketxearen esanetan, negozio eta eskualde guztietan izandako gorakada "indartsuari" esker lortu irabaziok, baita bezeroen jardunari esker ere.
Ana Botin Santander bankuko presidenteak azpimarratu duenez, hazkundea "indartsua eta errentagarria" izan da eta akzioko irabazien igoera % 19koa izan da. "Interesen marjina eta komisioen diru-sarrerak hazi egin dira, kredituaren kalitatea sendoa da eta transformazioari esker, diru-sarrerak kostuen oso gainetik kokatu ditugu", adierazi du CNMVri bidalitako oharrean.
"Testuinguru geopolitiko aldakor honetan, ziur gaude aurtengo azken hiru hilabeteetan eta 2025ean gure helburuak betetzen jarraituko dugula", nabarmendu du.