Ekonomia -
Greba
EAEko eta Nafarroako CCOOk eta UGTk astelehenean bidaiarien garraioko grebarekin bat egiteko deia egin dute
Nafarroan, Iruñerriko Mankomunitateak % 60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu puntako orduetan, eta % 40koak, berriz, bidaiari gutxiago ibili ohi den ordu-tarteetan. Greba bertan behera utzi dute merkantzien garraiolariek.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Euskadiko eta Nafarroako CCOOk eta UGTk dei egin diete errepide bidezko bidaiarien garraio sektoreko profesionalei asteleheneko grebarekin bat egitera. Bi sindikatuek elkarretaratzeak deitu dituzte astelehenean, 12:00etan, Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzaren aurrean Bilbon eta Donostian eta Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean Gasteizen, eta 11:00etan, Iruñean, Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzaren aurrean.
Sindikatuak ohar baten bidez azaldu duenez, azken egunetako bileren ostean, salgaien garraioko eta garraio sanitarioko greba bertan behera uzteko akordioa adostu dute, baina "gatazka ez da amaitu garabi propultsatuen eta (hiri barruko eta hiri arteko) bidaiarien garraioaren alorretan".
Juan Carlos Gonzalez Euskadiko CCOOko errepide eta logistika arduradunaren hitzetan, "Gobernua errepideko bidaiarien garraioaren sektorean erretiro-adina aurreratzeko koefiziente murriztailea ezartzera behartzeko ordua da".
Horren arabera, CCOOk urteak daramatza profesionalen baldintzak hobetzeko mobilizatzen, eta ez da geldituko eurentzat "ezinbestekoa" den eskaera hori lortu arte.
UGTk ere dei egin die guztiei grebarekin bat egitera eta EAEko hiriburuetan Espainiako Gobernuaren ordezkaritzen aurrean egingo diren elkarretaratzeetan aktiboki parte hartzera.
Beste sindikatu batzuek (ELA eta LAB zituen gogoan, baina ez ditu zuzenean aipatu) "sektorearen aldarrikapen historikoak alde batera utzi izana eta grebarekin bat ez egitea" deitoratu du, "horrek lanuzteen jarraipen desberdina" eragingo baitu, "eta patronalaren jarrerak sendotu". Horregatik, "presioa etengabe mantentzea funtsezkoa" izango dela esan dute, eta "egunero errepidera ateratzen direnen lanbidea duintzea lortu arte borrokan" jarraituko dutela.
Nafarroako sindikatuek ulermena eskatu diete herritar guztiei grebak eragin ditzakeen ondorio kaltegarriengatk, eta nabarmendu dute "guztion bide-segurtasuna zaindu eta gidarien bizi-kalitate hobea lortzea" duela helburu lanuzteak.
Gutxieneko zerbitzuak
CCOOk eta UGTk lau greba egun (urriaren 28a eta azaroaren 11, 18a eta 29a) eta abenduaren 23tik greba mugagabea deitu dituzte. Deialdiak kontuan hartuta, gutxieneko zerbitzuen inguruko agindua kaleratu du gaur Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak.
Mikel Torres sailburuak sinatutako oharraren arabera, egunean programatutako zerbitzu arrunten % 30 izango dira gutxieneko zerbitzuak.
Dena den, ehuneko hori banatzerakoan, lehentasuna eman behar zaie ordezko garraio-zerbitzurik ez duten lineei edo osasun-zentroetara doazenei. Era berean, arreta berezia jarri beharko zaie lantokietan sartzeko eta irteteko ordutegiei.
Horri lotuta, Donostiako Udalak ere Dbusen indarrean izango diren gutxieneko zerbitzuen berri eman du. Horren arabera, 17, 21, 23, 24, 27, 29, 31, 33, 38, 41, 42, 43 eta 46 lineetan ez da zerbitzurik izango. Horrez gain, moldaketak eta murrizketak egon daitezke 5, 8, 9, 13, 14, 16, 18, 19, 25, 26, 28, 32, 35, 36, 37, 40 eta 45 lineetan.
Nafarroan, Iruñerriko Mankomunitateak % 60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu puntako orduetan, eta % 40koak, berriz, bidaiari gutxiago ibili ohi den ordu-tarteetan.
Estatu mailako titulartasuna duten lineetan, gutxieneko zerbitzuek ohiko zerbitzuen % 50 izango dira.
Merkantziakoen greba bertan-behera
Merkantzia-garraiolarien eta gidarien sindikatuek bertan behera utzi dute urriaren 28tik aurrera egitekoa zuten greba, gidari profesionalen erretiro-adina aurreratzeko koefiziente murriztaileak ezartzeko akordioa lortu ostean.
Halaber, lan-arriskuen prebentzioaren arloko beste neurri batzuk sustatzea negoziatu da, hala nola prebentzio-araudian jasotzen diren aldizkako azterketa medikoen nahitaezkotasuna edo salgaiak errepidez garraiatzen dituzten enpresek beren gidariei alkohol- eta droga-kontsumoaren kontrol aleatorioak egiteko ahalmena.
Halaber, proposatu dute Laneko eta Gizarte Segurantzako Ministerioei laneko ezbehar-tasa nabarmen murriztu duten enpresei laneko gertakariengatiko kotizazioak murrizteko sistema bat ezartzeko eskatzea.
Hala ere, bidaiarien errepideko garraioaren sektorean aurreikusitako lanuzteei eutsi diete CCOOk eta UGTk, errepide bidezko bidaiari-garraioaren mahaian ez baita akordiorik lortu, CCOOren arabera.