Ekonomia -
Hegaldi-linea berria
Loiuko aireportutik New Yorkerako hegaldiak egingo dira maiatzetik
United Airlines AEBko konpainiak konektatuko ditu Bizkaiko hiriburua eta Sagar Handia, astean hiru aldiz.
EITB Media
Loiuko aireportutik New Yorkerako hegaldi zuzenak izango dira behingoz. United Airlines konpainiak iragarri du Bilbo eta Sagar Handia konektatuko dituela maiatzetik, astero hiru hegaldi eginda.
Bilboko aeroportutik irten eta ozeanoa zeharkatuko duen lehen hegaldia izango da.
AEBko airelineak zehaztu du maiatzaren 31n hasiko dela hegaldi-linea berria, eta Loiu Newark aireportuarekin konektatuko duela.
Egunak eta orduak
Hain zuzen ere, maiatzaren 31tik irailaren 23ra egingo ditu konexioak United Airlinesek.
Bilbotik, asteazkenetan, ostiraletan eta larunbatetan abiatuko da hegaldia, 12:30ean; New Yorketik, aldiz, astearteetan, ostegunetan eta larunbatetan, 21:45ean (hurrengo eguneko 10:45ean helduko dira hegazkinak Loiura).
Boeing 757-200 hegazkinekin egingo dira hegaldiak, eta, horrenbestez, 176 eserleku izango dituzte.
Txartelak salgai daude dagoeneko, 749 euroko preziotik hasita.
Aspaldidaniko helburua
Ivan Grande Bilboko aireportuko zuzendariaren hitzetan, United Airlinesen iragarpena "albiste bikaina" da. "Luze daramagu hegaldi hori lortzen saiatzen, eta oso pozik gaude erakundeek eta AENAk elkarrekin egindako lanarekin", erantsi du.
Bere aldetik, United Airlinesek adierazi du Bilbon "arkitektura, kultura eta gastronomia" direla nagusi, eta hiriak "abangoardiako esperientziak" eskaintzen dituela, hala nola "Guggenheim Museo ikonikoa bisitatzea" eta "pintxo ospetsuak dastatzea".
Era berean, Bizkaiko hiriburutik gertu "kostaldeko hiri paregabeak" daudela nabarmendu du, "Getxo eta Donostia", kasu.