Ekonomia -

Enpresak

DHLk 40 milioi euroko inbertsioa egingo du Gasteizen hangar berri bat eraikitzeko eta 50 lanpostu sortuko ditu

Forondako aireportuan eraikiko den egoitza hegazkinen mantenu eta konponketarako erabiliko da. Europan daukaten mota honetako bigarren garrantzitsuena izango da.

Hegazkinen konponketarako egoitza. Argazkia: DHL Express
Hegazkinen konponketarako egoitza. Argazkia: DHL Express
Hegazkinen konponketarako egoitza. Argazkia: DHL Express

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

DHL Express enpresak Forondako aireportua aukeratu du hegazkinak konpontzeko hangar berri bat eraikitzeko.

Europako bigarren konponketa-zentro garrantzitsuena izango da, Leipzigen (Alemania) kokatuta dagoenaren atzetik, eta enpresak 40 milioi euroko inbertsioa egingo du.

DHLk Espainian duen presidenteorde Tomas Holgadok adierazi du Gasteiz "leku ezin hobea" bihurtu dela azpiegitura hori eraikitzeko, "Europako herrialdeetatik eta Marokotik gertu dagoelako, aireportuaren kalitate operatiboagatik eta erakunde publikoen babesagatik".

Instalazio berriak 2027. urtearen erdi alderako egongo dira martxan. Hasiera batean, 50 pertsona inguruk egingo du lan bertan, eta konpainiaren helburua inguruko abiazio-teknikari kualifikatuak erakartzea da.

Hangar horretan enpresako hegazkin-flotaren mantentze-lanak egingo dira. Bulegoetarako eta erremintak eta ekipoak biltegiratzeko eremuetarako lekua ere izango du. Guztira, 19 700 metro koadro baino gehiagoko azalera izango du.

Konpainiak jakinarazi duenez, eraikina neutroa izango da karbono emisioetan, "2050erako zero isuriko helburua lortu ahal izateko". Era berean, ziurtatu du CO2 isuri handiak saihestuko dituztela urtero, "Europatik kanpoko mantentze-instalazioetara doazen hegaldien kopurua murriztea ahalbidetuko duelako".

DHL logistikaren sektoreko munduko marka nagusietako bat da, eta 220 herrialdetan baino gehiagotan jarduten du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Gasteizko Aireportua