Ekonomia -
BBVA
Sabadell erosteko kapitala handitzea onartu dute BBVAren akziodunek
Carlos Torres BBVAko presidentearen arabera, Sabadell erosteko eskaintza publikoaren helburua banku "indartsuagoa, lehiakorragoa eta errentagarriagoa" sortzea da. Hori dela eta, erosketa prozesua "arrakastaz" gauzatzea espero du.
Agentziak | EITB Media
BBVAren akziodunek finantza erakundearen kapitala handitzea onartu dute, botoen % 96,04ren babesarekin, gaur Bilbon egin den akziodunen ezohiko batzarrean. Kapitala handitzea beharrezkoa du, hain zuzen ere, Sabadell erosteko eskaintza publiko oldarkorrean akzioak trukatzeko.
Carlos Torres BBVAko presidenteak bozketaren emaitza ezagutu berritan adierazi duenez, gaurkoa "pauso oso garrantzitsua" da, eta erosketa "arrakastaz" gauzatzea espero du.
Sabadelli egindako eskaintza "erakargarria" dela nabarmendu, eta helburua banku "indartsuagoa, lehiakorragoa eta errentagarriagoa" sortzea dela.
Akziodunen aurrean egin duen hitzaldian, operazioaren garrantzia estrategikoa azpimarratu du, eta, horrez gain, Sabadelleko akziodunei "aukeratzeko aukera" eman behar zaiela esan du.
Balore Merkatuaren Espainiako Batzordearen oniritzia jaso ondotik, Sabadell erosteko eskaintza publikoa abiaraziko dela jakinarazi du Torresek. Edozein kasutan, prozesua hasiera-hasieratik "adiskidetsua" izan dela nabarmendu du.
Torresen esanetan, BBVAren eta Sabadellen arteko konbinazioa Europako bankuen artean proiektu "erakargarriena" da.