Ekonomia -
Industria
CAFek 23 milioi euro irabazi ditu 2024ko lehen hiruhilekoan, iaz baino % 16 gehiago
Beasainen egoitza duen konpainiak azaldu duenez, kontratazio-kopurua % 42 jaitsi da 444 milioira arte, baina "aurreikuspenak positiboak dira". Hala, 2024an salmentak % 10 inguru haztea espero du enpresak.
Agentziak | EITB Media
CAF enpresak, egoitza Beasainen (Gipuzkoa) duen konpainiak, 23 milioi euroko irabazi garbiak lortu ditu 2024ko lehen hiruhilekoan, hau da, aurreko urteko aldi berean baino % 16 gehiago. Kontratazio-kopurua, aldiz, % 42 jaitsi da 444 milioira arte, baina "aurreikuspenak positiboak dira".
Konpainia gipuzkoarrak jakinarazi duenez, emaitza gordina 37 milioikoa izan da, 2023ko lehen hiruhilekoan baino % 15 gehiago.
Negozio-kopuruaren zenbateko garbia 1.008 milioi eurokoa izan zen, aurreko ekitaldiko lehen hiru hilabeteetan baino % 6 gehiago, orduan 952 milioi euro ingurukoa izan baitzen.
Lehen hiruhilekoko "kontratazioa" gorabehera, ekitaldi osorako aurreikuspenak aldekoak dira, eta, beraz, 2024rako hazkunde, errentagarritasun, kutxa eta jasangarritasun zenbatekoei eusten die konpainiak.
Era berean, ziurtatu du "negoziazio fase aurreratuetan dauden eta epe laburrean gauzatzeko probabilitate handia duten proiektuen bolumen handia" dagoela.
Eskaera-zorroa 13.636 milioi eurora iritsi zen -12.241 milioi tren-negoziotik eta 1.395 autobusetatik-, hau da, % 4ko jaitsiera 2023ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, nahiz eta "maila altuetan" jarraitzen duen, CAFek nabarmendu duenez.
Testuinguru horretan, CAFek 2024rako aurreikuspenei eusten die, errentagarritasuna hobetzea eta salmentak % 10 inguru haztea espero baitu.