Ekonomia -

Madril

Fiskaltzak Ayusoren bikotekidea salatu du Ogasunari ustez 350.000 euroko iruzurra egiteagatik

Madrilgo Fiskaltzaren arabera, "benetan emandako zerbitzuekin bat ez datozen fakturak" jaulki zituen, eta "zergak murrizteko helburu bakarra" zuten pantaila-sozietateak erabili zituen.

Diaz Ayuso artxiboko argazki batean. EFE.
Diaz Ayuso artxiboko argazki batean
Ayuso: ''Bost urte daramatzat honelako gauzak sufritzen''

0:58

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo Fiskaltzak salaketa jarri du Alberto Gonzalez Amadorren aurka, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentearen bikotekidearen aurka, bi delitu egotzita: iruzur fiskala eta dokumentuak faltsutzea faktura faltsuen eta pantaila-sozietateen sare baten bidez.

Idazkian Gonzalez Amadorri leporatzen zaio 2020ko ekitaldian Ogasunari 155.000 euroko iruzurra egitea sozietateen gaineko zergan, eta beste 195.951 eurokoa hurrengo urtean.

Gainera, dokumentuak faltsutzea egotzi dio, Ogasunari aitortu behar zizkion "sozietateen etekinak murrizteko" kanpoko enpresen bidez 15 faktura faltsu erakusteagatik, 1,7 milioi eurotik gorako gastuekin. Zerga Agentziaren txostenaren arabera, horrek ahalbidetu zion bi ekitalditan 350.000 euro arte aurreztea zergetan.

Zerga Agentziak dokumentazio guztia aurkeztu zion Fiskaltzari, eta hark Alberto Gonzalez epaitegian salatzea erabaki du, faktura faltsuen eta pantaila-enpresen bidez Ogasunari ustez egindako iruzurragatik. Madrilgo Probintzia Fiskaltzak salaketa aurkeztu zuen epaitegian martxoaren 5ean, Zerga Agentziaren txosten bat jaso ondoren, bi urte lehenago hasitako ikerketa baten ondorioz.

Honako hauek dira ikertutako Gonzalez Amadorren sozietateak: Maxwell Cremona Ingenieria y Procesos para el Fomento del Ambiente (administratzaile bakarra zen) eta Masterman & Whitaker Medical Supplies and Health Process Engineering.

Salaketan, fiskalak eskatu du ikertu gisa deklarazioa hartzeko eta Zerga Agentziaren gai horri buruzko txostena egin duten Ogasuneko ikuskatzaileek peritu gisa lekukotza emateko.

Diaz Ayusok hedabideen aurrean adierazi duenez, "bost urte daramatzat hau jasaten", eta kritikatu du Moncloa "trama bat sortzen" saiatzen ari dela beraren inguruan, "egur gehiago" eskatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Alderdi Popularra Espainia Iruzurrak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Madril Zerga politika gaur