Ekonomia -
Finantza-erakundeak
CaixaBankek 4.816 milioi irabazi ditu, ia % 54 gehiago, interes-tasen gorakadak bultzatuta
Bankuak 15.137 milioiko diru-sarrerak izan zituen iaz, 2022an baino % 31,6 gehiago. Gainera, taldearen bilakaera onaren ondorioz, errentagarritasunak gora egin zuen 2023an.
EITB Media
CaixaBankek 4.816 milioi euroko irabaziekin itxi zuen 2023. urtea, 2022an baino % 53,9 gehiago, interes-tasen gorakadak bultzatuta. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari, Espainiako burtsaren ikuskatzaileari, gaur jakinarazi dionez, 15.137 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen iaz, 2022an baino % 31,6 gehiago. Horrela, CaixaBankek bat egin du Sabadell, BBVA eta Santander bankuekin, horiek ere mozkin handiekin itxi dutelako 2023a.
Zehazki, interes-marjina, hau da, aktiboen errentagarritasunaren (emandako kredituak, esaterako) eta bankuak ordaindutako interesen arteko aldea, 10.113 milioi eurokoa izan zen, eta, beraz, % 54,3 egin zuen gora.
Interes-marjinaren hazkundeak, tasen hazkundeak eta merkataritza-sarearen kudeaketak lagunduta, konpentsatu egin zuen komisio garbien jaitsiera, % 5,1 jaitsi baitziren.
Bankuaren bilakaera onaren ondorioz, errentagarritasunak gora egin zuen 2023an. Funts propioen gaineko errentagarritasuna % 13,2koa izan zen 2023an (duela urtebete, aldiz, % 8,3koa); kapitalaren gaineko errentagarritasun finantzarioa % 15,6ra igo zen (2022an, % 9,8koa izan zen), eta efizientzia-ratioa 9 puntu hobetu zen, % 40,9raino.
CaixaBankek plan estrategikoan proposatu zuen kapitalaren gaineko errentagarritasun finantzarioa % 12tik gorakoa izatea 2024an, eta 2023aren itxieran langa hori aise gainditu zuen. Hori dela eta, hirugarren hiruhilekoko kontuen aurkezpenean bankuak esan zuen egitasmo estrategikoa eguneratzeko lanean ari zela.
Kudeatzen dituen aktiboei dagokienez, 160.827 milioi eurokoak izan ziren iaz (% 8,7 gehiago), inbertsio-funtsen, aurrezki-aseguruen eta pentsio-planen harpidetza garbiek lagunduta, 5.339 milioi eurora iritsi baitziren, 2022an baino % 34 gehiago. Azkenik, berankortasunari dagokionez, maila oso baxuan jarraitzen du, 2023an % 2,7koa izan baitzen, 2022ko maila berari eutsiz.