Ekonomia -

Itsaso Gorriko krisia

Itsaso Gorriko krisiak garraioaren prezioak hirukoiztu ditu

Yemengo milizia huthiek Adengo Golkoan bidaiatzen duten merkantzia-ontziei egindako erasoek eta ontzi-enpresek Suezko kanala saihesteko hartutako erabakiak alerta piztu du ekonomisten artean. Oraingoz, garraio-gastuen igoera eta epeen atzerapenak dira egoeraren ondorioak.

Itsaso Gorriko krisiaren gakoak. Argazkia: EITB Media
Itsaso Gorriko krisiaren gakoak. Argazkia: EITB Media
Itsaso Gorriko krisiaren gakoak. Argazkia: EITB Media

A.A.E. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken asteetan Yemengo milizia huthiek Bab al-Mandab itsasartetik eta Itsaso Gorritik Suezeko kanalera doazen merkataritza-ontziei egindako erasoen ondorioz, garraio enpresa askok nabigatzeko bide alternatiboak bilatu dituzte eta Hegoafrikaraino jaistea erabaki dute, ibilbide askoz luzeagoa eta garestiagoa eginez.

Honen ondorioak nabaritzen hasiak dira munduko ekonomian. Alde batetik, merkantzia horien iritsiera atzeratu egiten da, ibilbide hori egiteko 15 edo 20 egun gehiago behar direlako. Bestetik, energia-kostuaren igoerak hirukoiztu egin ditu ibilbide horietako itsas garraioaren tarifak. Niko Cuenca ekonomialariak azaldu duenez, euskal enpresa batzuentzat, tarifa horiek 2000 edo 2500 eurotik 7000ra igaro dira.

Erasoak abenduaren erdialdean hasi ziren, Hormuz eta Bab al-Mandab itsasarteetan. Huthiek azaldu dutenez, euren helburua Israel eta haren aliatuak zigortzea da, Hamasen aurkako gerragatik eta Gazako hondamendi humanitarioagatik. Aste hauetan, 20 ontzi baino gehiagori egin diete eraso, eta Ameriketako Estatu Batuek eta Erresuma batuak gidatzen duten aliantza militarrak dio gehiago ere saihestu dituela.

Itsaso Gorriko garraio eta erasoak

Suezeko kanaletik, planetako merkataritza-ontzien % 12-15 igarotzen dira; edukiontziak garraitzen dituztenetara mugatuta, zenbakia % 25era igotzen da. Esate baterako, bertatik igarotzen dira Txinak esportatzen dituen produktuen zati handi bat.

Izan ere, Txina "munduko fabrika" da Niko Cuenca ekonomilariaren hitzetan. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, hirugarren hornitzailea da (EBren eta Brasilen atzetik). ECOMEXen azken txostenaren arabera, 178,1 milioikoa da herrialde asiarretik iristen diren inportazioen balioa. Produktu izarra, berriz, metagailu elektrikoak eta horien zatiak dira.

Horrez gainera, bestelako lehengai asko iristen dira gure lurraldera Asiatik; hala nola, kautxua – Michelinen plantetako ekoizpena material honen faltagatik gelditu behar zan dute –, altzairua, plastikoa eta automobilgintzarako beste osagai batzuk.

Inflazioa eta interes-tasak

Hala ere, ez da urruneko Ekialdearekiko merkataritza kaltetutako bakarra. Eremu horretatik iristen dira baita ere petrolioaren eta gasaren kopuru handi bat; Saudi Arabiatik, Irandik edo Iraketik datorrena eta itsasoz garraiatzen dena. Petrolioaren prezioa ez da asko igo oraingoz, LPEEko herrialdeek ekoizpen handiarekin jarraitzen dutelako. Hala ere, Niko Cuencak ohartarazi duenez, "Estatu Batuen eta Iranen esku-hartzearekin gatazka denboran luzatzen bada", ondorioak askoz larriagoak izan daitezke eta petrolioaren eta gasaren prezioak nabarmen igo daitezke.

Kontuan izan behar da, halaber, munduko merkataritzaren beste puntu garrantzitsuena, Panamako itsasartea, atzerapenak jasaten ari dela lehorteagatik eta ur faltagatik. Horren guztiaren ondorioz, mundu mailako produktuen prezioek gora egin dezakete eta igoera horrek denboran iraun dezakete.

Ekonomia adituei alarmak piztu dizkie egora honek. Izan ere, herrialde gehienak inflazioa kontrolatzeko bidean zeuden, pandemiaren eta Ukrainako gerraren krisien ondoren, baina egoera irauli egin liteke segurtasunik eza luzatuko balitz, banku zentralak interes-tasak berriro igotzera behartuz.

Ondorioak

Alternatibak

Egia esan, urte sasoi honetan ez dago Suezko kanalaren alternatiba handirik. Ontzi-enpresen gaur egungo aukera Esperantza Oneko lurmuturra da, hau da, Afrikako kontinentea inguratzea. Itsas merkataritzarako beste bideetako bat Artikoko Ibilbidea izan daiteke, baina sasoi honetan izoztuta dago eta itsasontzi gutxik bidaiatu dezake handik.

Era berean, Cuencak hirugarren bide bat ere aipatu du: trenbidea erabiltzea Zetaren Bidetik. Txinak inbertsio handiak egin ditu ferrokarrilaren bidezko garraioaren garapenean. Ibilbide hori egiten duen tren bat Txinatik irten eta Madrileraino hel daiteke.

Hala ere, bagoien ezaugarriek mugatu egiten dute modu horretan garraiatu daitekeen material mota. Gainera, normalean, kostuak itsasoz garraiatzean baino altuagoak izaten dira, "nahiz eta itsas-garraioaren tarifak asko igotzen badira berdindu egin daitekeen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako albisteak Zer gertatu da munduan gaur? Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Merkataritza albisteak gaur Asia albisteak Merkantzia-garraioa Mediterraneo itsasoko kostaldea Ekialde Hurbila gaur