Ekonomia -
Industria
Michelinek turismo-pneumatiko eta goma ekoizpenak geldituko ditu urtarrilaren 20an eta 21ean
Zehazki, bederatzi lan-txanda desaktibatuko dira urtarrilaren 20ko eta 21eko asteburuan: zazpi, Turismo Jardueraren atalean, eta bi, goma fabrikatzeko tailerrean. Geldialdiak 674 pertsonari eragingo die, eta lantegiak 45.000 gurpil-azal eta 350 tona goma ekoizteari utziko dio.
Agentziak | EITB Media
Michelinek Gasteizen duen lantegiak produkzio geldialdi gehiago programatu behar izan ditu, kautxu faltagatik. Geldialdiak 674 pertsonari eragingo die, eta 45.000 gurpil-azal eta 350 tona goma ekoizteari utziko dio, UGTk jakitera eman duenez.
Zehazki, bederatzi lan-txanda desaktibatuko dira urtarrilaren 20ko eta 21eko asteburuan: zazpi, Turismo Jardueraren atalean, eta bi, goma fabrikatzeko tailerrean.
Lanuzte horiek joan den astean urtarrilaren 13 eta 14rako iragarritakoei gehitu behar zaizkie. Asteburu horretako lanuzteek 913 langileri eragingo diete, eta 40.000 pneumatiko gutxiago ekoitziko dituzte.
Multinazionalak Espainiako Estatuan duen lantegi handienak bere jardueraren zati bat etengo du urtarrileko bi asteburutan. Etenak 1.587 langileri eragingo die, eta, hori dela eta, 85.000 gurpil-azal eta 350 goma tona gutxiago ekoitziko dituzte.
Michelinek Espainian dituen lau fabrikek txandak desaktibatuko dituzte urtarrilean, Itsaso Gorriko krisiaren ondorioz kautxu naturala (pneumatikoak fabrikatzeko funtsezko lehengaia) falta delako.
Arazoa Itsaso Gorrian dagoen itsas garraiorako segurtasun falta da. Izan ere, Israelek Palestinan egindako erasoaldiari erantzuteko, matxino huthiek itsaso hori zeharkatzen duten ontziei eraso diete. Horren ondorioz, hornitzaileak beste ibilbide batzuk erabiltzen ari dira Europara iristeko, Hegoafrikako Esperantza Oneko lurmuturretik bueltan, esaterako. Ibilbide askoz luzeagoa izanik, kautxuaren hornikuntzan atzerapenak ari dira izaten.