Ekonomia -
Ikusmiran txostena
LABek salatu du zaintzara zuzendutako lan denak "prekarioak" direla
Sindikatu horretako koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburuk Ikusmiran txostena aurkeztu du, eta ohartarazi, zaintza aldatu ezean, berdintasuna "erretorika hutsa" dela. Horregatik, azaroaren 30eko greba feministan parte hartzera deitu ditu herritarrak.
EITB MEDIA
LAB sindikatuak salatu du zaintzarekin lotutako enplegu guztiak "prekarioak" direla. Hori dela eta, datorren azaroaren 30eko greba feministan parte hartzeko deia egin du.
Bilbon egindako agerraldian, Ikusmiranen txostena aurkeztu du aipatu sindikatuko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburuk, eta ohartarazi, zaintza aldatu ezean, berdintasuna "erretorika hutsa" dela. "Zaintzara zuzendutako lanpostuez baliatzen da kapitala, aberastasuna pilatzen jarraitzeko", kritikatu du.
Salatu duenez, zaintzarekin lotura duen sektorea "prekarioa" da, "langileek dituzten diru sarrerek ez baitute bizitza duin bat bermatzen".
"Sektore ezegonkorra, irregularra eta ilegala da, eta askotan oinarrizko eskubideak urratzen ditu", nabarmendu du. Halere, azpimarratu du "behargin prekarioen" lanak % 25,75eko indarra duela BPGean.
LABen iritziz, "zaintza duina izan dadin, eredua aldatu beharra dago".
Gauzak horrela, Aranburuk zaintza sistema publiko baten alde egin du, berriro ere. "Erakundeek alfonbra gorria ezarri diote prekarietateari", eta horrek lan horien pribatutasuna ekarri du. "Zaintza negozio eta esplotazio bihurtu dute", nabarmendu du.