Ekonomia -
Energia
Imazek esan du Repsolek "beste aukera batzuk" dituela Espainian inbertitzeko egonkortasuna bermatzen ez bada
Enpresako kontseilari delegatuak ziurtatu du azkeneraino joango dela Gobernuaren ezohiko zergaren aurkako borrokan, bai Espainiako Justizian, bai Europakoan. Repsolek 2.785 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu urteko lehen 9 hilabeteotan.
EITB MEDIA
Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatuak ohartarazi duenez, Espainiako Estatuan inbertitzeko edozein erabaki hartu aurretik, baldintzak "egonkorrak eta proiektuen errentagarritasuna bermatzeko bezain erakargarriak" diren aztertuko du konpainiak.
Urteko hirugarren hiruhilekoari dagozkion emaitzak aurkezteko ekitaldian egin ditu adierazpen horiek. Bertan jakitera eman dute enpresak 2.785 milioi euro irabazi dituela urteko lehen bederatzi hilabeteetan, 2022ko aldi berean baino % 14 gutxiago. Ildo horretan, PSOEk eta Sumarrek adostutakoaren aurka agertu da, balizko koalizio gobernuak enpresa energetikoei eta bankuei zerga berezia ezartzea aurreikusi baitu, eta hori, Imazen ustez, "legez kanpokoa da, Konstituzioaren aurkakoa da eta diskriminatzailea da".
Gogora ekarri du gaur egungo ezohiko zerga, 1.000 milioi eurotik gorako diru-sarrerak dituzten enpresen fakturazioaren % 1,2 zergapetzen duena, 450 milioi euro inguru kostatu zaiola aurten Repsoli.
Imazek aurreratu du Repsolek inbertsio handiak egin nahi dituela Espainian dituen industria-instalazioak eraldatzeko, baina erregulazio- eta zerga-esparruan egonkortasunik ez izateak inbertsio horiek baldintzatu ditzakeela adierazi du.
Horren harian, baldintzak aldekoak ez badira, enpresak Portugalen edo beste toki batzuetan inbertitzea erabaki dezakeela adierazi du Imazek.
Gainera, Imazek azpimarratu du konpainia zerga horren aurka borrokatuko dela, bai Espainiako Justizian, bai Europako erakundeetan; izan ere, "alde handi samarra" dago Espainian ezarritako zerga horren eta Europako Kontseiluak zerga gisa definitu zuenaren artean, merkatuaren baldintza bereziei erantzuteko aldi baterakoa baita eta mozkinetan oinarritzen baita, eta ez fakturazioan, Espainian bezala.