Ekonomia -
SVBren porrota
SVBren porrotak eraginda galerak izan zituzten AEBetako bankuek gorako bidea hartu dute
First Republic Bank, Western Alliance eta beste hainbat bankuren akzioek balioa berreskuratu dute Wall Streeteko Burtsa zabaldu aurretik. Sektoreak tentsio handiko egunak bizi izan ditu Gobernuak lasaitasunerako deia egin arren.
Agentziak | EITB Media
Silicon Valley Banken (SVB) eta Signature Banken porrotak eraginda balioa galdu zuten Estatu Batuetako hainbat bankuren akzioek gorakada izan dute gaur, asteartea, goizean Wall Streeteko Burtsa zabaldu aurretik izan diren operazio elektronikoetan. AEBetako bankuen sektorea tentsio handiko uneak bizitzen ari da joan zen ostiraletik, nahiz eta Gobernuak lasaitasunerako deia egin dien inbertitzaileei.
First Republic Bank da ezinegon honek eragindako aipatutako banku horietako bat. Gaur goizean % 47a berreskuratu dute bere akzioek, astelehenean % 50eko balioa galdu ondoren. San Frantziskon egoitza duen banku honek inbertsiogileak lasaitu nahi izan zituen igandean. Erreserba Federalaren Bankutik eta JP Morgan Chase erakundetik likidezia gehigarria jaso zuela eta bere egoera finantzarioa zabaldu eta hobetu zuela jakinarazi zuen. "Erabilgarri dagoen eta operazioak finantzatzeko erabiltzen ez den likidezia 70.000 milioi dolarretakoa" zela argitu zuen.
Antzerako egoera bizi izan dute gaur goizean euren balioa berreskuratzen hasi dela ikusi duten AEBetako beste hainbat bankuk: Western Alliance, adibidez, % 49 jausi zen atzo eta % 36ko balioa berreskuratu du gaur; PacWestek % 42 egin du gora, atzo % 50 galdu ondoren; Comerica % 21 igo da, % 26 erori ostean; Ziosek % 11ko balioa berreskuratu du, astelehenean % 18ko galerak izan ondoren; eta Charles Schwaben igoera % 12koa izan da, bezperan % 8 galdu ostean.
AEBetako bankako erakunde handiek ere goranzko bidea hartu dute astearte goizean. JPMorgan Chase erakundearen tituluek % 2,25eko balioa irabazi dute Wall Streetek ateak zabaldu aurretik. Bank of America % 5 igo da, Citigroupek % 4,6 egin du gora, Well Fargok % 4,17 eta US Bancorpek % 6,7.
Amerikako Estatu Batuetako bankuen sektoreak zoratzeko moduko egunak bizi izan ditu joan zen ostiralean Erreserba Federalak (Fed) Silicon Valley Bank (SVB) bankuan esku-hartzea erabaki zuenetik. Gobernuak eta finantza munduko erakunde nagusiek lasaitasunerako deia egin dute behin eta berriz. SVBren itxieraren arrazoi nagusia bere ezaugarri propioak zirela esan dute, ez duela zerikusirik banku sistema osoarekin.
Alabaina, esku-hartzeak beldurra zabaldu du eta eragina izan du AEBetako maila txikiko beste banku batzuetan eta banku handietan. Nazioarteko merkatuetara ere zabaldu zen astelehenean eta Europako banku nagusiek galerak izan zituzten.
Hain zuzen ere, arriskua neurtzen duen Moody's agentziak aldatu egin zuen astelehenean AEBetako banku sistemaren kalifikazioa. Egonkorra izatetik negatiboa izatera pasa zuen "Silicon Valley Bank, Silvergate Bank eta Signature Bank bankuetatik funtsak modu masiboan ateratzeak eta SVBren eta Signatureren hondamenak sortu duen sistemaren kaltetze azkarra" erakusteko asmoz.
Horrez gainera, AEBetako banku zaurgarrienen zerrenda argitaratu zuen Moody's-ek. Bertan agertzen dira, besteak beste, aurrez aipatutako hirurak, Western Alliance, Comerica, Zions, UMB, Financial Corporation eta INTRUST.