Ekonomia -
INFLAZIOA
Inflazioari aurre egiteko akordioa lortu du Frantziako Gobernuak banatzaile-kate nagusienekin
Akordioaren arabera, "inflazioaren aurkako hiruhilekoa" jarriko dute abian. Banatzaileek eurek erabakiko dute oinarrizko zein produkturi murriztuko dioten inflazioa, eta erosleek argi adierazita ikusiko dute hori saltokian.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Frantziako Gobernuak "inflazioaren aurkako" erosketa saski bat sortzea adostu du astelehen honetan banatzaile-kate nagusiekin, kostu baxuko produktuak bermatzeko eta prezioen igoerak kontsumitzaileengan duen eragina arintzeko.
Neurri berri honen arabera, banatzaile bakoitzak erabakiko du oinarrizko zein produktu sartuko dituen saskian, eta etiketa komun bat eramango dute guztiek, "inflazioaren aurkako hiruhilekoa" izenpean.
Duela hilabete batzuk, Frantziako Gobernuak elikagaien inflazioa geldiarazteko saski bat sortzea proposatu zien supermerkatu kate handiei, Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeak irailean egin bezala. Orain arteko erantzuna, baina, ezekoa izan da. Orain, baina, akordioa lortu dutela iragarri du Frantziako Exekutiboak.
Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroak komunikabideen aurrean azaldu duenez, neurri "eraginkorra eta babeslea" izango da, eta honek partekatu egingo du "inflazioaren kostua". Gaineratu du produktu horiek "ahalik eta preziorik baxuena" izango dutela.
Inflazioari aurre egiteko saski berria datozen egunetan martxan jartzea aurreikusten du Frantziako Gobernuak. Ez da produktuen zerrenda zehatzik egongo, ezta gutxieneko produkturik ere. Banatzaile-kate bakoitzak erabakiko du zein produktu eta zenbat sartuko dituen saskian. Hori bai, guztiek etiketa komun bat eramango dute, Frantziako banderaren koloreekin eta "inflazioaren aurkako hiruhilekoa" esamoldearekin.
Ministroak iragarritakoaren arabera, ekainean, neurri hori bertan behera geratu ostean, banaketa taldeekin negoziatzen jarraituko du, datorren urtearen hasierara arte itxaron gabe.
Hori guztia Frantziako greba orokorraren atarian; izan ere, erretiro adina atzeratzeko asmoa duen erreformaren aurkako seigarren mobilizazio handia egingo da asteartean, eta jarraipen zabala izango duela aurreikusi dute sindikatuek.
Bestalde, Luis Planas Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroak esan du Espainiako banaketaren sektorea "heldua eta lehiakorra" dela eta "antzeko ekimenak egiteko moduan" dagoela.
Ministroak "nahi du", "lehia askearen" barruan, banaketak antzeko ekintzak planteatzea Espainian, "betiere Katearen Legea errespetatuz". Planasen arabera, hemen, Espainiako Gobernuak "behin eta berriz" planteatu du "prezioak barne hartzen dituen" banaketa.
Yolanda Diaz bigarren presidenteorde eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroak esan du pozik dagoela Frantziako Gobernuaren ekimenarekin, eta azpimarratu du Espainian horrelako urrats bat "posible" izateaz gain "erabat legezkoa" dela.
Diazek nabarmendu du Espainian "gainditu gabeko irakasgaiak" daudela, "duela hilabeteak" aipatutakoak. Diazek azpimarratu du "abuztutik" hitz egin duela Espainian mota horretako neurriak hartzeko aukeraz.