Ekonomia -
Etekinak
Repsolek 4.251 milioi euro irabazi zituen 2022an, aurreko urtean baino % 70 gehiago
2023rako, bere akzioak berriro erosteko programa bat jarriko du martxan petrolio konpainiak, baita 5.000 milioi euroko inbertsio "historikoa" ere.
Agentziak | EITB Media
2022an 4.251 milioi euroko irabaziak izan zituen Repsolek, aurreko urtean baino % 70 gehiago, konpainiak ohar batean jakinarazi duenez.
Petrolio enpresak izan duen etekin handiena izan da honakoa. Dena dela, konpainiak zehaztu duenez, 2021-2022 aldiko irabaziek (6.750 milioi euro) "ez dituzte oraindik 2019 eta 2020 urteetan —pandemia urteak— izandako galerak (7.105 milioi euro) konpentsatu". Erregaien prezioak goia jo zuen 2022an, eta kutxako fluxuei esker, bere zorraren % 61 murriztea lortu zuen Repsolek.
2023rako, bere akzioak berriro erosteko programa iragarri du konpainiak, eta kapital murrizketa bat. Era berean, energia ezberdinak sustatzeko 5.000 milioi euroko inbertsio "historikoa" egitea aurreikusi du.
Energia enpresei ezarriko dieten zerga kritikatu du Imazek: "Bidegabea da"
Konpainiaren emaitzak aurkezteko eman duen agerraldian, Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatuak estu hartu du Espainiako Gobernuak energia enpresei eta banketxeei ezarriko dizkien aparteko zergak. Horren ustez, enpresok "inbertsioan esfortzu handiari esker lortutako etekinak aparteko jotzea bidegabea, ulertezina eta kaltegarria da Espainiako ekonomiarentzat".
"Mezu populistek honakoak eragiten dituzte: enpresen jarduna zaildu, inbertitzaileen artean mesfidantza sortu, inbertsioa eta jardun ekonomikoa murriztu, zerga bilketa txikitu eta industria enplegua arriskuan jarri. Mezu horien aurrean, Repsolek gizartearekiko erantzukizuna landuko du", azpimarratu du.