Ekonomia -
Banketxeen emaitzak
Santander bankuak 9.605 milioi euroko etekina eskuratu du 2022an, 2007ko sabaia gaindituta
Ana Botin buru duen entitatearen hitzetan, iazkoa "oso urte ona" izan zen, 2021arekin alderatuta % 18ko hazkundea erregistratu baitute.
Agentziak | EITB Media
Santander banketxeak markak hautsi zituen iaz 9.605 milioi euroko etekina lortuta, hots, 2021ean baino % 18 gehiago, finantza entitateak berak jakinarazi duenez.
2007tik erdietsitako daturik onenak dira 2022koak. Orduko hartan, 9.060 milioi euroko mozkinak izan zituen Ana Botinek zuzentzen duen bankuak.
"2022a oso urte ona izan da Santanderrentzat: bezeroen oinarria modu errentagarrian handitu genuen eta balantze oso sendoari eutsi genion. Horri esker, akzio bakoitzeko etekina % 23 igo zen eta akzioko esku-dirutan emandako dibidendua, berriz, % 16", adierazi du Santander banketxeko presidenteak.
2023ari begira ere baikor azaldu da finantza entitatea. "Espero dugu banku zentralek eta gobernuek inflazioa jaistea lehenesten jarraitzea", hots, interes tasak igotzen jarraitzea, erantsi dute.
BBVAk ere inoizko etekin handienak iragarri zituen atzo: 6.420 milioi euroko mozkina, 2021ean baino % 38 gehiago.