Ekonomia -

EAEko aurrekontuak

Legebiltzarrak 2023rako EAEko Aurrekontuak onartu ditu

EAJ eta PSE-EE Gobernuko alderdien botoekin onartu egin dituzte 2023rako Aurrekontuak.

Azpiazu sailburua eta Urkullu lehendakaria, ostiralean. Argazkia: EFE.
Azpiazu sailburua eta Urkullu lehendakaria, ostiralean. Argazkia: EFE.
2023ko EAEko aurrekontuak onartu ditu Legebiltzarrak

01:31

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak 2023rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Legea onartu du. 14.250 milioi euroko aurrekontua da, eta aurrera atera da EAJren eta PSE-EEren botoekin.

Testuinguru horretan, 2023rako EAEko aurrekontuek azken tramitea gainditu dute, eta Legebiltzarrean onartu dituzte. EAJk eta PSE-EEk eman dute aldeko botoa, eta oposizioko talde guztiek, aldiz, kontra bozkatu dute; izan ere, horien iritziz, ez dira nahikoak krisiek sortutako behar sozialei aurre egiteko.

Legealdi honetan, oposizioko talde guztiek aurrekontu proiektua itzultzea eskatzen duten bigarren aldia da. 2021eko aurrekontuekin ere gertatu zen; 2022koak, aldiz, onartu zituzten EAJren eta PSE-EEren babesarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.

Oposizioko alderdiei 38,9 milioi euroko balioa duten zuzenketak onartuta, azkenean Jaurlaritzak 14.289,6 milioi euro izango ditu aurrekontuetan datorren urterako. Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuaren esanetan, kontuak "onak" dira herritarrentzat.

Ganberara iritsi denean, Azpiazuk nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak ahalegin handia egin duela aurrekontuetarako babesa handitzeko, nahiz eta azkenean hori ez den posible izan. Nolanahi ere, azpimarratu du oposizioak egindako proposamenak txertatu dituztela garraioan, hezkuntzan eta osasungintzan.

Oposizioko taldeak, baina, ez daude horrekin ados. Osoko zuzenketak aurkeztu zituzten, baina ez zuten aurrera egin Jaurlaritzarekin zenbait aldiz hitz egin ostean. Besteak beste, erreforma fiskalaren aldarrikapenak egin du kale; EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren iritziz, banatzaileagoa izan beharko zen; PP+Cs taldeak, aldiz, uste du txikiagoa izan beharko zela.

EAJko Alaitz Zabalaren arabera, kontuen % 75 gizarte politiketarako baliatuko dituzte, eta horregatik aldeztu egin ditu. Ezezko botoa eman duten alderdien aurka egin du; izan ere, aurpegiratu die "oposizio suntsitzailea" egiten dutela, "etengabeko talkaren bila" ari baitira, "ardurarik euren gain hartu gabe, gutxiengoan egoteak ematen dien erosotasunetik".

PSE-EEko Sonia Perezek aurrekontuak babestu ditu, Euskadiri "egonkortasun politiko eta ekonomikoa" ematen baitiote, eta azpimarratu du taldeen zuzenketak ere gehitu dituztela: "Legeak osasungintza, hezkuntza publikoa eta gizarte babesa bermatzen ditu", adierazi du.

EH Bilduren aldetik, Leire Pinedok Eusko Jaurlaritzari egotzi dio akordiorik ez izatea; izan ere, "marra gorritzat" jarri ditu arlo fiskaleko balizko aldaketen eta egiturazko erreformen gainean: "Anbizio txikiko aurrekontuak dira, berritasun txikikoak, eta kontserbadoreak. Betikoa aurkeztu digute, eta inork ez du bat egin, ezin izan dute inor gehitu".

Jon Hernandezek (Elkarrekin Podemos-IU) berretsi du erreforma fiskala gakoa dela bere taldearen iritziz, eta azaldu du zergatik eman duten kontrako botoa: "Aurrekontuen asmoa da eustea dirulaguntzak jasotzen dituen hezkuntza pribatuari eta behin-behinekotasunean oinarritutako osasungintza publikoari, eta lan prekarietatea sortzea", salatu du.

Koalizio bereko bozeramaile Miren Gorrotxategik Eusko Jaurlaritzari aurpegiratu dio "aitzakiak" bilatu dituela bere taldeak aurrekontuen inguruan helarazi zion akordio eskaintza ez onartzeko, Exekutiboak eta koalizio aurrerakoiak eredu politiko "desberdinak" defendatzen dituztelako.

Negoziazio fasean, osoko zuzenketak aurkeztu zituzten oposizioko talde guztiek, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, PP+Cs-ek eta Voxek, bakoitzak bere arrazoiengatik. Hala ere, EAJk eta PSE-EEk atzera bota zituzten osoko zuzenketa horiek abenduaren 9ko osoko bilkuran.

Ondoren, abenduaren 14an, Aurrekontu Batzordeak, Gobernuan dauden alderdien botoekin, oposizioak aurkeztutako zenbait zuzenketa partzial onartu zituen, 40 milioi euroko balioarekin. Onartutako zuzenketen artean, Elkarrekin Podemosek aurkeztutako garraiorako laguntza luzapena, 12 milioi eurokoa, eta osasun arloa indartzeko PP+Cs eta EH Bilduren zuzenketak daude, 11,5 eta 1,5 milioi eurokoak, hurrenez hurren.

Guztira, 700 zuzenketa aurkeztu dira Aurrekontu Batzordean, ia 1.500 milioi euroko balioarekin.

Pedro Azpiazu: ''Pozik gaude herritarrentzat onak diren aurrekontuak onartuko ditugulako''
Pedro Azpiazu: ''Pozik gaude herritarrentzat onak diren aurrekontuak onartuko ditugulako''
Pedro Azpiazu: ''Pozik gaude herritarrentzat onak diren aurrekontuak onartuko ditugulako''

0:20
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Bizkaia Urkullu azken albisteak IUren albisteak Eusko Legebiltzarra albisteak Ekonomia 2024 PSE-EE albisteak PP Bizkaia Podemos Ahal Dugu Euskadi Vox Aurrekontuen azken ordukoa