Ekonomia -

Negoziazioa

Sindikatuek salatu dute Siemens Gamesak argitu gabe jarraitzen duela Euskal Herrian izango diren kaleratzeak

Zuzendaritzak eta sindikatuek bilera egutegi bat adostu dute kaleratzeei buruz eztabaidatzeko. Konkretuki, bi hilabeterako bileren egutegia ezarri dute, eta hurrengo batzarra urriaren 25ean izango da Sarrigurenen (Nafarroa).

Siemens Gamesa Zamudio (Bizkaia). Argazkia: EFE
Siemens Gamesa Zamudio (Bizkaia). Argazkia: EFE
Siemens Gamesa Zamudio (Bizkaia). Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sindikatuek salatu duenez, Siemens Gamesak oraindik ez du argitu Espainiako Estatuan 475 lanpostu deuseztatzeko prozesua Euskadiko eta Nafarroako lantokietan izango duen eragina. Hori dela eta, ELAk eskaera formal bat aurkeztu du datu gehiago biltzeko, oraindik ez baita ezagutzen lantegien araberako eragina.

Siemens Gamesako zuzendaritzak eta sindikatuek bilera egutegi bat adostu dute kaleratzeei buruz eztabaidatzeko, baina ez da berritasunik izan egindako lehen bileran, sindikatuetako iturriek jakitera eman dutenez. Konkretuki, bi hilabeterako bileren egutegia ezarri dute, eta hurrengo batzarra urriaren 25ean izango da Sarrigurenen (Nafarroa).

Zuzendaritzak eta CCOO, UGT eta ELA sindikatuetako ordezkariek Zamudioko (Bizkaia) egoitzan egin dute gaur arratsaldean Enplegu Mahaiaren lehen bilera. Duela astebete enpresak iragarri zuenez, Zamudioko, Madrilgo eta Sarrigurengo (Iruñea) bulegoetan 352 kaleratze izango dira, bi urtez luzatuko den prozesu batean.

Espainiako gainerako kaleratzeak, guztira aurreikusitako 475era arte, behin-behineko 80 langile izango dira, kontratua berritzen ez zaienak, eta txandakatze naturaleko 43 lanpostu.

Sindikatuetako iturriek adierazi dutenez, gaur ez da gehiago zehaztu; ez dute jakinarazi zentro bakoitzean zenbat lanpostu deuseztatuko diren, baina egutegi bat ezarri dute, negoziazio prozesu guztietan ohikoa.

Enpresaren asmoa da planari eusteko "tresnak" birkokatzeak, aurre-erretiroak eta pizgarridun bajak izatea, eta sindikatuek, berriz, justifikaziorik gabeko kaleratzeak izango direla uste dute. Bileran, lan erregulazioko espedientea justifikatzeko "emaitza txarrak" azpimarratu ditu zuzendaritzak.

Egoitza nagusia Zamudion duen aerosorgailuen ekoizleak 2.900 kaleratze inguru aurreikusten ditu, merkatuaren eskaeretara egokitzeko.

ELAk ohar baten bidez jakinarazi duenez, enpresak oraindik ez du argitu Euskadiko eta Nafarroako zentroetan izango diren kaleratze kopurua, ezta lantokien araberako eragina ere. Era berean, ez du datu zehatzik eman "bere asmoen inguruan".

Datu gehiago biltzeko asmoz, ELAk eskaera formal bat aurkeztu dio enpresari. Era berean, kritikatu du informazio faltak "tentsio handiagoa" sortzen duela azken lau urteetan hirugarren prozesuari aurre egin behar dioten langileengan.

Siemensen eta Gamesaren arteko "bat-egite kaskarra" gertatu zenetik enplegua etengabe suntsitzea aurpegiratu du ELAk askotan, eta egoera hori "larriagotu egin da Siemens Energyk ekainean iragarritako eskaintzaz geroztik".

Ildo horretan, sindikatuak errefusatu egin du multinazionalak Estatuan 475 postu suntsitzeko planteatutako prozesu berria, eta etorkizuneko enplegua bermatuko duen industria plan "sendoa" eskatu du.

CCOOko iturriek jakitera eman dutenez, gaurko bileran, langileen bozeramaileek (sindikatu bakoitzeko hiru ordezkari) berretsi dute "ez dagoela inor soberan" eta irtenbidea ez dela "plantilla murriztea, baizik eta enpresaren bideragarritasuna eta Espainiako enplegua bermatuko dituen plan industrial bat".

"Plantillan sortzen ari den ondoezaz gain, akats bat da doikuntza plan hori aplikatzea, kudeaketa txarraren emaitza baita, kontuan hartuta lau lantegi itxi direla Siemens Gamesan sartu denetik. Zuzendaritzaren erabaki txarrak ezin ditugu beti berdinek ordaindu", salatu dute CCOOtik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Siemens Gamesa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zamudio Sindikatuak Enpresaburuak Lan gatazkak