Ekonomia -

Krisi energetikoa

OPEP taldeak eta Errusiak nabarmen murriztu dute petrolio ekoizpena, prezioei eusteko

Hain zuzen ere, OPEP+ izeneko taldeak egunean bi milioi upel gutxiago ekoitziko du. Joe Bidenek etsipena adierazi du, erabakiagatik, uste baitu "epe laburreko neurria" dela.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

OPEP+ taldeak eta Errusiak egunean 2 milioi petrolio upel gutxiago ekoiztea erabaki dute asteazken honetan, 2020ko maiatzetik egindako murrizketa handiena gauzatuta.

OPEP taldeak eta horren aliatu diren hamar herrialdeek (tartean Errusia) bilera egin dute gaur Vienan, eta ofizial egin dute ekoizpena murrizteko erabakia. Horrela, prezioei eutsi nahi diete.

Gainera, parte hartu duten ministroek adostu dute kooperazioa beste urtebetez luzatuko dutela; hortaz, 2016an ezarritako aliantzak gutxienez 2023ko amaierara arte jarraituko du. "Petroprezioak" jaitsita egin zuten aliantza; Ameriketako Estatu Batuetan eskistoak izandako goieneko mailak eragin zuen.

Azken adierazpenean, ministroek azaldu dute adostu dutela "ekoizpen globala murriztea eguneko bi milioi upel gutxiago ekoitzita, 2022ko azarotik aurrera". Adostutako murriztapena 2020ko maiatzetik izandako handiena da; orduan, egunero 10 milioi upel gutxiago ekoiztea erabaki zuten, kontuan izanik energia eskariak beherakada nabarmena izan zuela, koronabirusaren krisiagatik.

Asteartera arte, nazioarteko merkatuen aurreikuspena zen murrizketa erdia izatea; izan ere, zenbait ordezkarik prentsari ezkutuan eman zioten negoziatzen ari zirela eguneko milioi bat upel gutxiago ekoiztea. Horrek ere petrolioaren prezioan gorakada handia eragin du. Nolanahi ere, espero modukoa da benetako murrizketa ez izatea ofiziala bezain handia; izan ere, taldeko ekoizle gehienek hilabeteak daramatzate ezarritako kuota nazionaletik oso behera. Hori, gaitasun teknikoaren maximoan ponpatzen ari badira ere.

Duela hilabete, aliantzak ezarri zuen muga gisa guztien arteko gehieneko ekoizpena eguneko 43,85 upelekoa izan zitekeela (Venezuela, Iran eta Libia, OPEP taldeko kideak izanda ere, ez daude neurri horren barnean), baina kalkulua da une honetan 3,5-5 milioi upel gutxiago ari direla ekoizten, egunero.

Ezezko argia, mendebaldeko herrialdeentzat

Benetako murrizketa iragarritakoa baino txikiagoa izanik ere, neurria ezezko argia da mendebaldeko herrialdeentzat; denbora luzea daramate OPEP taldeari eskatzen txorrotak zabaltzeko, erregaiak eta energia merkatzea helburu eta inflazioari aurre egiteko.

Ildo horretan, AEBko presidente Joe Bidenek etsipena adierazi du OPEP+ taldeak hartutako erabakiagatik; hain zuzen, uste du "epe laburreko neurria" dela: "Energiako horniketa globalari eustea guztiz garrantzitsua da, eta erabaki honek eragin negatiboa izango du dirusarrera txikietako eta ertainetako herrialdeetan, energiaren prezio altuak sufritzen ari direlako", esan du, ohar bidez (Jake Sullivan Segurtasun Nazionaleko aholkulariak eta Brian Deese aholkulari ekonomikoak argitaratu dute oharra).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Errusia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Petrolioa Errusia-Ukraina gerra