Ekonomia -

Zerga politikak

Ogasun ministroak aberatsentzako "elkartasun-zerga" eta errenta baxuentzako abantaila fiskalak iragarri ditu

Maria Jesus Montero Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroak ondasun handiak dituztenei, PFEZari eta sozietateen gaineko zergari eragiten dieten neurriak iragarri ditu. Horien bidez, bi urtean, 3.144 milioi euro bildu nahi ditu Espainiako Gobernuak.

Maria Jesus Montero ministroa. Argazkia: EFE
Maria Jesus Montero ministroa. Argazkia: EFE
Espainiako Gobernuak PFEZaren murrizketak 18.000 eurotik 21.000ra handituko ditu

2:21

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Jesus Montero Ogasun eta Zerbitzu Publikoko ministroak neurri fiskalen sorta bat iragarri du ostegun honetan, eta, batez ere, aberastasun handiei, errenta ertain eta baxuei eta sozietateen gaineko zerga ordaintzen dutenei eragiten die.

Neurri sorta honen bitartez, Espainiako Gobernuak datozen bi urteetan 3.144 milioi euroko diru-sarrera fiskal garbiak lortzea aurreikusten du, gizarte eredu "bidezkoagoa" lortuz, Montero ministroak azaldu duenez.

Ministroak aurkeztutako berritasun nagusia da 3 milioi eurotik gorako ondareak dituztenentzako "elkartasun-zerga" bat sortuko dela, autonomia erkidegoen ondarearen gaineko zergan kengarria izango dena. Monterok azaldu duenez, 23.000 zergaduni eragingo die, hau da, Espainiako Estatuko zergadun guztien % 0,1i. Ministroaren hitzetan, 2023 eta 2024ko ekitaldietan indarrean egongo den zerga berri honek 1.500 milioi euroko diru-bilketa potentziala du.

Zergak hiru tarte izango ditu: % 1,7ko tasa, 3 eta 5 milioi arteko ondareetarako; % 2,1, 5 eta 10 milioi arteko ondareetarako, eta % 3,5, 10 milioi eurotik gorako ondareetarako.

Aldi berean, Espainiako Gobernuak puntu bat igoko du, % 27ra arte, 200.000 eurotik gorako errentak dituztenen PFEZa, eta igoera hori bi puntukoa izango da, % 28koa, 300.000tik gorako errenten kasuetarako.

Errenta txikientzako onura fiskalak

Errenta handietarako igoera horrekin batera, Espainiako Gobernuak PFEZaren lan-etekinengatiko murrizketa 18.000 eurotik 21.000ra bitarteko errentetara zabalduko du, eta zerga hori ordaintzetik salbuetsitako gutxienekoa 14.000 eurotik 15.000 eurora igoko du.

Monterok azaldu duenez langileen % 50ek baliatuko dute murrizketaren hedatze hori, batez besteko soldata 21.000 eurokoa izanik.

Bi urtean 1.881 milioi euroko aurrezpena ekarriko die zergadunei orotara. Halaber, urtean 18.000 euro irabazten dituen oinordekorik gabeko langile batentzat, urtean 746 euroko aurrezpen fiskala aurreikusten da, % 40 gutxiago ordainduz hala.

"Gehien irabazten dutenek ahalegin handiagoa"

Bestalde, Monterok iragarri du sozietateen gaineko zerga % 23ra jaitsiko dela milioi bat euro baino gutxiago fakturatzen duten enpresa txiki eta ertainentzat, eta enpresa-talde handiek aurreko ekitaldietako galeren kenkariak aldi baterako mugatuko dituztela.

Sozietateen gaineko zerga bi puntutan jaisteak onura fiskala ekarriko die 407.000 enpresari, eta 292 milioi euro aurreztea ahalbidetuko die.

Talde eta enpresa handiek, ordea, galeren % 50 soilik kendu ahal izango dute 2023an –gainerakoa 2024an aplikatu ahal izango dute–, eta, horri esker, 2.439 milioi euro bilduko dira da 2023an eta 2024an. Ministroak zehaztu duenez, neurri honek 3.609 enpresari eragingo die, guztizkoaren % 0,2.

Nola eragingo diete neurriek EAEko eta Nafarroako Ogasunei?

Iragarritako neurriak EAEko kontzertu ekonomikoarekin zein Nafarroako Ekonomi Hitzarmenarekin nola uztartzen diren galdetuta, Ogasun ministroak argitu du aberatsenei ezarritako zergak bakarrik eragingo diela, gainerako zergak aldundien esku daudelako.

"Ez izan zalantzarik, betiko moduan, politika fiskala aldundiekin kontzertatuko dugula", nabarmendu du.

Espainiako Gobernuak azaldu du nola txertatuko dituen neurri fiskal berriak foru ogasunekin
Espainiako Gobernuak azaldu du nola txertatuko dituen neurri fiskal berriak foru ogasunekin
Espainiako Gobernuak azaldu du nola txertatuko dituen neurri fiskal berriak foru ogasunekin

0:57
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua argazkiak Espainia bideoak Ekonomia Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Zerga politika gaur