Ekonomia -
Gasteizko Mercedes
Gasteizko Mercedesek ibilgailu elektriko berri bat ekoitziko du
Mercedes-Benzek ez du oraindik baieztatu, baina fabrikako zuzendari nagusiak ziurtzat jotzen du. Konpainiaren plana da 1.200 milioi euro inbertitzea Gasteizko lantegian, eta esleipena aurretiko pausoa litzateke.
EITB MEDIA
Mercedes-Benzek Gasteizen duen fabrikak enpresako ibilgailu modelo elektriko berri bat egingo du 2025etik. Mercedes-Benzek oraindik baieztatu ez badu ere, Emilio Titos Gasteizko Mercedeseko zuzendariak ziurtzat jotzen du; hala, Zuzendaritzak barneko langileei horren berri eman die.
Konpainiaren plana da 1.200 milioi euro inbertitzea Gasteizko lantegian, eta esleipena aurretiko pausoa litzateke.
Oraindik ez dute zehaztu zenbat ibilgailu egingo dituzten. Gasteizko Mercedesen ez ezik, Mercedes-Benzeko beste fabrika batzuetan ere ekoitziko dute.
Gasteizko fabrika modernizatu eta handitzea da 1.200 milioi euroko inbertsioaren helburua. Uztailean, langileek abala eman zioten hitzarmen kolektibo berriari, eta horrek eman zion bide inbertsioa gauzatzeari.