Ekonomia -

Garoña

Espainiako Gobernuak Garoñako zentral nuklearra berriro irekitzeko aukera baztertu du

Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Espainiako Gobernuko ministroaren esanetan, Gaztela eta Leongo Gobernuaren proposamena "burutazio ideologikoa" da, "ultraeskuinaren terminologiarako keinua". Adierazi duenez, "ezinezkoa eta bideraezina" da.

Teresa Ribera espainiar ministroa, Senatuan. Argazkia: EFE.
Teresa Ribera espainiar ministroa, Senatuan
Teresa Ribera espainiar ministroa, Senatuan. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Espainiako Gobernuko ministroak Garoñako zentral nuklearra berriro irekitzeko aukera baztertu du astearte honetan. Riberak Senatuan egin du adierazpena, EH Bilduko senatari Idurre Bidegurenek egindako galdera bati erantzunez; Bidegurenek kezka adierazi dio espainiar ministroari, kontuan izanik proposamena, haren iritziz, "zentzugabea" dela.

Bidegurenek galdetu dio Espainiako Gobernuari ea zentral nuklearrak ixteko egutegia aldatzeko aukerarik aurreikusten duen, eta, halaber, ea uste duen posible dela Garoña berriro zabaltzea "teknologia berarekin, edo beste alternatibaren batekin"; izan ere, alde batetik, krisi energetikoa dago; horrez gain, Bruselak esan du energia nuklearrean egindako inbertsioak "berde" gisa joko dituela; eta, azkenik, Gaztela eta Leongo Gobernua ikertzen ari da Garoñako zentrala berriro irekitzeko posibilitatea.  Riberak baztertu egin du. Nabarmendu du Gaztela eta Leongo Gobernuaren proposamena "burutazio ideologikoa" dela, "ultraeskuinaren terminologiarako keinua", eta adierazi du, "ezinezkoa eta bideraezina" dela.

Gaztela eta Leongo Gobernuak "aurrekontu publikoa xahutu du. Ez dute baso suhiltzaileentzat, edo suteen aurkako baliabideetarako, edo jendea babesteko, edo Gaztela eta Leongo osasun zentroak irekitzeko; baina erabili dute dirua txosten bat eskatzeko. Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak doan emango zion txosten hori", bai eta Nuclenorrek, alegia, Garoñako titularrak. Ministroaren arabera, "erakutsiko zuen zentzurik ez duela".

Zentralak (Endesa eta Iberdrola jabearen parte dira, % 50ean) plana du "eraispenerako, eta guneko balizko berreskuratzerako", ekarri du gogora. Espainiako Gobernuak, horrez gain, "konpromisoa sendotu du, Garoña trantsizio zuzeneko gunea izan dadin. Bertako bizilagunek, azken urteotan, erabateko utzikeria pairatu dute".

Riberak deitoratu duenez, "urte hauetan guztietan" Burgoseko Santa Maria de Garoñako herritarrek ez dute zentrala desegiteko planik, ezta zaintzarik, prebentziorik edo bestelako neurririk".

"Egutegia berrikusteko inolako asmorik ez dugu. Zentral nuklearretako jabe guztien artean adostu da egutegia", azpimarratu du. Espainiak, "zorionez, baliabide autoktono guztiz indartsuak ditu; elektroiak eta molekula berdeak ekoizteko ez ezik, sortzeko enplegua, zerbitzuak, berrikuntza eta industria ere, berriztagarriak kasu".  

Bidegurenek presidenteordearen sendotasuna baloratu du, eta arbuiatu du tesi jakin bat; alegia, energia nuklearra izatea egungo krisiaren aurreko irtenbidea: "Proposamen hori zaharkituta dago, eta ez da errealista". Senatariaren esanetan, zentrala hamar urteren buruan irekitzea "ideia zentzugabea eta arduragabea da; dakarren arriskuagatik, eta ekonomiaren eta teknikaren ikuspuntuetatik bideragarria ez baita".

Esan duenez, egungo egoera energetikorako irtenbidea da energia berriztagarriak kontrol publikoa eta gardentasuna baliatuta garatzea, ikuspegi ekologiko eta sozial batetik. Garoñako kasuan, eskualdeko suspertze ekonomikoa eta soziala bultzatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua albisteak Espainia argazkiak Burgos bideoak Ekonomia berriak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Garoña Eguzki energia Energia aurrezteko neurriak gaur Energia iturriak