Ekonomia -
Gas naturala
Gasak % 5eko BEZa izango du urritik urte amaiera bitartean, % 21ekoa beharrean
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iraila hasieran iragarri, eta gaur onartu du neurria Ministroen Kontseiluak. Jaitsiera urritik aurrera aplikatuko da, eta indarrean egongo da urtea amaitu arte. Dena dela, 2023an zehar ere luzatu daiteke jaitsiera hori, egoerak hala eskatzen badu.
O. P. | EITB Media
Espainiako Ministroen Kontseiluak gaur onartu du enpresa eta etxebizitzetako gasaren BEZ zerga % 21etik % 5era jaistea, Europar Batasuneko legediak ezartzen duen gutxienekoa.
Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroak bilera osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, Ministroen Kontseiluak energiaren arloko premiazko neurriak biltzen dituen errege dekretu bat onartu du gaur, BEZaren murrizketarena, besteak beste.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iraila hasieran iragarri zuen neurria. Orduan aurreratu bezala, jaitsiera urritik aurrera aplikatuko da, eta indarrean egongo da urtea amaitu arte. Dena dela, 2023an zehar ere luzatu daiteke jaitsiera hori, egoerak hala eskatzen badu. Gas naturalaz gain, sutarako erabiltzen diren ezpalek, peletek eta egurrak ere % 5eko BEZa izango dute neurria indarrean egon bitartean.
OCU kontsumitzaile elkartearen arabera, familia bakoitzak, bataz beste, 19 euro gutxiago ordainduko du gasaren hilabeteko fakturan. Facuaren kalkuluen arabera, bost eta bederatzi euro bitartekoa litzateke beherakada.
BEZaren jaitsieraren ondorioz, hiru hilabeteotan, Espainiako Ogasunak 190 milioi euro gutxiago jasoko dituela aurreikusten du, baina inflazioak eragindako diru sarrerek orekatuko dute galera.
Halaber, kogenerazioko instalakuntzetan salbuespen iberiko deritzona behin-behinean aplikatzea ere onartu da, elektrizitatea sortzeko erabiltzen den gasaren prezioa mugatzen duena; hala eskatzen zuen sektoreak, eta hala aurreratu zuen Sanchezek ere duela bi aste.
Neurri horrek 600 instalakuntzari eragiten die; Espainiako gas kontsumoaren % 20 hartzen dute horiek eta BPG industrialaren % 20. Riberaren arabera, energiaren prezioen igoeragatik euren jarduna eten behar izan duten lantegien erdia berriz ere lanean hastea ahalbidetuko du neurriak, sistemara elektrizitatea bidaliz atzera.
Hirugarren neurri bat ere onartu da astearte honetan, hain zuzen ere, "eskaerari azkar erantzuteko zerbitzua" martxan jartzea, lehen "etengarritasun mekanismoa deiturikoa; Sare Elektrikoak hartuko du bere gain zerbitzu hori.
Mekanismo horrek bermea ematen die lantegi industrialei behar duten kasuetan gelditu eta elektrizitate eskaria murrizteko, hamabost minutuko aurrerapenaz eta gehienez ere hiru orduz, konpentsazio ekonomikoaren truke.