Ekonomia -

Fiskalitatea

Escrivak zergak zentralizatzearen alde egin du, erkidegoak lehian ibiltzearen "zentzugabekeria" gainditzeko

Espainiako Gobernuko Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak zehaztu du bere "iritzi pertsonala" dela. Atzo Andaluziak ondare zerga bertan behera utzi zuela eta, horren inguruko adierazpenak egin ditu Escrivak.

Escriva, artxiboko argazki batean. EFE
Escriva, artxiboko argazki batean.
Escriva, artxiboko argazki batean. EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Escriva Espainiako Gobernuko Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak uste du zergak zentralizatu behar direla, fiskalitatearen alorrean autonomia erkidegoak elkarren artean lehian ibiltzearen "zentzugabekeria" gainditzeko. 

Onda Cero irrati kateari egindako adierazpenetan, ministroak zehaztu du bere "iritzi pertsonala" dela, eta aurrez, horren alde mintzatu dela. Andaluziako Gobernuak, Madrilek lehenago egin bezala, ondare zerga bertan behera uztea erabaki zuen atzo, eta horren harira egin ditu adierazpenak Escrivak. 

"Zentzugabekeria hutsa da autonomia erkidegoak neurri fiskalekin lehian ibiltzea", nabarmendu du. Horren ahotan, ondare zerga kentzea "atzera egitea da", une honetan bereziki. Defendatu duenez, aberastasuna banatzeko unea da, zaurgarrienak inflazioaren ondorioengatik babesteko. 

Ministroak Espainiako Estatuaren eredu fiskala kritikatu, eta Australiako eredua babestu du. Horren arabera, erkidego bakoitzak zerbitzu publikoetan gastatzen duenaren arabera banatzen ditu Estatuak baliabideak.

Oso harro agertu da Andaluziako presidentea ondasun gaineko zerga kentzeagatik
Oso harro agertu da Andaluziako presidentea ondasun gaineko zerga kentzeagatik
Oso harro agertu da Andaluziako presidentea ondasun gaineko zerga kentzeagatik

01:51

Espainiako Gobernuak ez du zergak zentralizatzeko asmorik, eta gogora ekarri du Escrivak bere izenean eman duela iritzia

Escrivak hausnarketa adierazi ostean, Espainiako Gobernuko bozeramaile eta Lurralde Antolamenduko ministroak gogora ekarri du Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio espainiar ministroak bere izenean hitz egin duela, berak ere argi utzi duenez: "Ez dut zer esan honen gainean, berak ere argitu baitu", nabarmendu du Rodriguezen, Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.

Hain zuzen ere, espainiar Gobernuko bozeramaileak azpimarratu du bera kide den Gobernuaren asmoa dela, Espainian zerga-sistemaren gaineko edozein aldaketa eginez gero, "autonomia finantzazioko ereduari jarraituz" egitea: "Testuinguru horretan adostu behar dira akordioak, eskumen-markoa errespetatuz, eta, halaber, espainiarrei berdintasun-estandarrak bermatuz, herritarrak non bizi diren kontuan izan gabe".

Espainiako Gobernuko iturriek argitu dute ez dagoela eztabaidagai zergak zentralizatzea eta, hala, autonomia erkidegoek egun dituzten eskumenak kentzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Kontzertu Ekonomikoa Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Madril Zerga politika