Ekonomia -

Energia

Galan: "Europako Batzordeak energia kontsumoa eta prezioa murrizteko egindako proposamenak onargarriak dira"

Iberdrolako presidenteak bereziki babesten du Europak trantsizio energetikoaren alde egindako apustua; "erabat premiazkoa da", adierazi du.

Ignacio Sanchez Galan, ostegun honetan. Argazkia: EFE.
Ignacio Sanchez Galan, ostegun honetan
Sanchez Galanek ondo ikusten du petrolio eta gasaren merkatuetan dihardutenei zergak jartzea

1:31

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iberdrolako presidente Ignacio Sanchez Galanen iritziz, Europako Batzordeak energiaren kontsumoa eta prezioa murrizteko proposamenak "onargarriak" dira. Bilbon ostegun honetan eskainitako hitzaldi batean esan duenez, Sanchez Galanek bereziki babestu egiten du Europak trantsizio energetikoaren alde egindako apustua, "erabat premiazkoa" baita.

Deusto Business Alumnik antolatutako hitzaldia energiaren sektorearen erronkak eta aukerak izan ditu hizpide. Sanchez Galanek berretsi du Iberdrolaren apustua energia berriztagarrien aldekoa dela, bai eta erregai fosilek sortutako mendekotasuna murriztearen aldekoa.

Europako Batzordearen proposamenak berrikusi ditu, eta onartu egin du "kontsumoa murriztu" behar dela, "eskariak behera egin dezala behar dugu". Aztergai izan ditu prezioen gorakadak sortutako "aurreikusi gabeko mozkinak"; izan ere, esan duenez, elektrizitatearen sektoreak ez du halakorik izan: "ezohiko mozkin horiek herrialde produktoreek egindakoaren ondorio dira, batez ere, Errusiak egindakoaren ondorioa, eta erregai fosilen sektoreko enpresen jardueraren ondorioa ere. Horiek emaitza arrakastatsuak lortzen ari dira", aldeztu du.

Elektrizitate enpresek, aldiz, "elektrizitate bilakatzen dugu gasa", azaldu du, "eta ekoitzitako gehiena itxitako prezioetan dago salduta. Prezio horiek igoerak gertatu aurretik ixten dira. Adibidez, BBK-k hemendik hamabost urterako kontratuak ditu gurekin. Ez gara saltzen ari epe laburreko prezioak baliatuz, prezio finko asko eta epe luzerako prezio asko ere baditugu", azpimarratu du.

Hori dela eta, elektrizitate enpresa guztien emaitzek okerrera egin dute, iazkoak baino txarragoak dira, zehaztu duenez: "Europan, Gobernu batzuk, Alemaniakoa, Suediakoa edo Suitzakoa kasu, abalak eta bermeak ari dira ematen elektrizitate enpresek porrot egin ez dezaten".

Orain, ekarri du gogora, Europako Batzordearen orientazio horiek guztiak erregulazio-politikara eraman behar dira, hau da, merkatuaren diseinura: "Uste dut Europako Batzordeak argi duela erregulazio-politika, eta lortu behar dugu kide diren herrialdeek ere izan dezatela".

Sanchez Galanek azaldu du energia eta elektrizitatea bestelako kontuak direla: "Elektrizitatea kontsumitzen dugun energiaren % 20 da, eta % 80k fosil jatorria du. Epe laburreko irtenbideak hartzen dituzte beti, baina epe luzerako arazoa da gasarekiko eta petrolioarekiko mendekotasuna murriztu behar dugula".

Trantsizio energetikoaren aldeko apustua

Adierazi duenez, konponbidea trantsizio energetikoaren aldeko apustua egitea da: "Galdera da ea teknologiak ditugun; bai, baditugu teknologiak. Garraioan, esate baterako, geldiezina den prozesu bat ari gara bizitzen, elektrifikazioarena; hamarkada amaitu orduko, Europan 60 milioi ibilgailu elektriko izango dira. Industrian hainbat eta hainbat prozesutan ari dira baliatzen bero-bonbak".

"Gasaren eta petrolioaren aurrean, aukera bideragarria dago. Teknologia badugu, bai eta berriztagarriak garatzeko baliabide finantzarioak ere, eta inbertsio berde hori jasotzeko marko bultzatzaileak behar ditugu. Lortuz gero, fosilen inportazioek behera egingo dute", esan du. "Ameriketako Estatu Batuek erabaki dute dagoeneko, eta pizgarriak ematen dizkiete berriztagarriei eta garraio elektrikoari, kargagailuei. Ondorioz, AEB da Iberdrolaren inbertsioen lehen helmuga".

Europan, "marko erregulatzaileak behar ditugu, eta inbertsioa babestea"; hortaz, eskatu du europar funtsetako batzuk horretarako baliatzea. Trantsizio energetikoaz, amaitu du, "urtero, Europan, 200-300 mila milioi aurreztuko genituzke, erregai fosilen inportazioetan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iberdrola Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Energia berriztagarriak Energia aurrezteko neurriak gaur Energia ekoizpena gaur