Ekonomia -

Inflazioaren aurka

Oinarrizko prezioak urtarrilera arte mugatzea eskatu diete kate handiei Yolanda Diazek eta Alberto Garzonek

Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Lan ministroak eta Kontsumo ministroak egindako proposamenaren helburua da familiak babestea, kontuan izanik inflazioaren eragina. Neurria Gabonak amaituta indargabetuko litzateke.

Yolanda Diaz eta Alberto Garzon, ostegun honetan. Argazkia: EFE.
Yolanda Diaz eta Alberto Garzon, ostegun honetan
Yolanda Diaz eta Alberto Garzon, ostegun honetan. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Lan ministroak eta Alberto Garzon espainiar Kontsumo ministroak eskatu diete "marjina" duten enpresa banatzaile handiei erosketa-saskiko produktuen prezioa muga dezatela. Neurria Gabonak amaituta indargabetuko litzateke, eta horren asmoa da familiak babestea, kontuan izanik inflazioaren eragina.

Hala azaldu dute ostegun honetan, prentsaurrekoan, Carrefourreko zuzendariekin bilera egin ostean. Carrefourrek asteazkenean iragarri zuen 30 produktuko saskia eskainiko diela bezeroei, 30 euroko prezio finkoan. Bileran, proposamen hori aztertu dute, bai eta Diazek aste honetan egindakoa; kateak eszeptizismoa agertu du, horren harira.

"Gure ikuspuntua da beharrezkoa dela banatzaile handiek akordioa egitea, marjinen bidez elkarren artean laguntzeko gaitasuna izateko akordioa egin dezatela. Familiek arrazoizko eta kalitatezko erosketa egin ahal izatea da xedea", azaldu du.

Astelehenean, banaketako patronalekin eta kontsumitzaileen erakundeekin egingo dute bilera, kontuan izanik "beharrezkoa" dela "arazo nagusiari heltzea, alegia, inflazioari eta familien bizitzan duen eraginari; bereziki, erosketa-saskian duen eraginari heldu behar zaio", azpimarratu du.

Espainiako presidenteordearen iritziz, "Gobernuko kide guztiak" daude tartean. Hori bai, ez dago aurreikusita bilerara Industria, Merkataritza eta Turismoko Ministerioko edo Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko taldeetako kiderik joatea. Luis Planas Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroak, berez, proposamena kritikatu du.

"Banatzaile handiei eskatu egiten diegu ahalegina, marjinak dituztelako", zehaztu du Espainiako Gobernuko Lan ministroak; hau da, proposamena ez die zuzendu ekoizleei ez eta merkataritza txikiari ere.

Banaketa-kate handiek ezezkoa emanez gero, galdetu diote Diazi aukerarik dagoen, beste sektore batzuetan egin dutenez, elikagaien prezioak mugatzeko; horren ildotik, Diazek adierazi du "enpresa handiak jakinaren gainean" daudela, arazo handia baitago, "eta ziur aski laguntza emango dute, herrialderako horren berezia den garai honetan".

"Kalitatezko eta arrazoizko erosketa" bermatzea

Diazen eta Garzonen asmoa da ziurtatzea familiek "kalitatezko eta arrazoizko erosketa" bermatzea. Neurria hilabete honetatik legoke indarrean, eskolarako bueltarekin batera, eta Gabonak amaituta indargabetuko lukete. Astero aldatuko litzateke, eta hainbat produktu izango lituzke tartean.

Hala, Diazek esan du saskian egongo liratekeela produktu freskoak, hau da, haragia, arraina, arrautzak, frutak eta barazkiak; eta bigarren saski bat ere egongo litzateke, pertsona zeliakoengan pentsatuta.

Garzonek esan du helburu nagusia dela familien erosteko ahalmena babestea; izan ere, inflazioak "mehatxatu" egiten du erosteko ahalmen hori. Proposamena da "enpresa banatzaile handientzat, ahalegin gehigarria egin behar baitute".

Ministroaren iritziz, Carrefourren proposamenak erakusten du "posible dela egitea", eta aurreratu egin du gida bat eskatu diola Elikadura Segurtasun Agentziari; gida horren asmoa litzateke banatzaileei argibideak ematea, oinarrizko saskiaren gainean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Espainia albisteak KPI gaur Ekonomia berriak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Kontsumoari buruzko albisteak Erosketa saskia