Ekonomia -

Energia

Urritik aurrera gasaren BEZa % 21etik % 5era jaistea proposatuko du Sanchezek

Espainiako Gobernuko presidenteak zehaztu du, egitekotan, urritik abenduaren 31ra bitartean egingo dela. Hala ere, egoeraren arabera, datorren urtera luzatzea ikusten du posible Gobernuak.

Gas-sukalde bat. Pixabay.
Gas-sukalde bat. Pixabay.
Gas-sukalde bat. Pixabay.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du Espainiako Gobernuak gasaren BEZa % 21etik % 5era jaitsiko duela urritik aurrera. Europa Pressek Ser katean jasotako elkarrizketa batean adierazi duenez, "zentzuzkoa" da Exekutiboa orain berogailuaren faktura jaisten saiatzea.

"Gobernuak gasaren BEZa % 21etik % 5era jaistea planteatuko duela iragartzen dut", adierazi du Sanchezek. Hala ere, egoeraren arabera, datorren urtera luzatzera ere posible ikusten du Gobernuak egoera zail honek irauten duen bitartean".  

Sanchezek esan du dagoeneko % 80 jaitsi dituztela argindarrari lotutako zergak, baina "askoz gehiago" egin dezaketela, eta horregatik planteatu dutela gasaren BEZa jaistea, "energia krisiaren hasieran aplikatzen ari garen politika ekonomikoarekin bat etorriz".

PPk behin baino gehiagotan eskatu dio Gobernuari gasaren BEZa jaisteko, argindarraren zergari aplikatutakoaren ildotik, eta aurreratu zuen hori izango zela Sanchezek datorren asteartean Senatuan energia aurrezteko neurriak azaltzeko egingo zuen agerraldian egingo zuen proposamenetako bat.

Halaber, Sanchezek ziurtatu du ez duela aurreikusten negu honetan gas hornidura murriztu behar izatea, Espainiak Europako beste herrialde batzuen aldean "askoz egoera lasaiagoa eta seguruagoa" baitu, haiek Errusiako gasaren menpekotasun handiagoa dutenez gero. 

"Oraingoz, ez dugu halakorik aurreikusten", berretsi du presidenteak, eta, adierazi duenez, Gobernua industriarekin, enpresekin, talde parlamentarioekin eta autonomia-erkidegoekin hitz egiten ari da, egoeraren eboluzioaren arabera neurriak hartzeko.

Ukrainaren inbasioak eragindako egoera zail horri dagokionez, Sanchezek onartu du testuingurua "ziurgabetasun handikoa" dela, baina argi utzi nahi izan du, euforiara iritsi gabe, ezin dela "katastrofismoan" erori, eta Gobernuaren betebeharra, hain zuzen ere, ziurtasunak helaraztea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua argazkiak Ekonomia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Gas naturala