Ekonomia -
Krisi energetikoa
Sanchezek agerraldia egingo du irailaren 6an Senatuan, energia aurrezteko plana azaltzeko
Bestalde, Pedro Sanchez Olaf Scholz kantziler alemaniarrarekin bildu da gaur goizean eta bi agintariek berretsi egin dute Espainia eta Europa lotuko dituen gasbidea eraikitzearen aldeko apustua.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Pedro Sanchezek agerraldia egingo du datorren asteartean Espainiako Senatuan bere gobernuak landu duen energia aurrezteko planari buruzko azalpenak emateko eta krisi sozioekonomikoaren ondorioei buruz hitz egiteko.
Alberto Nuñez Feijoo Alderdi Popularreko buruzagiak eskatu zion Senatura joan zedila egitasmo horri buruzko azalpenak ematera; izan ere, Feijo senataria da eta ez diputatua. PSOEk gai horren inguruko eztabaidak Kongresuan egingo zituela erantzun zion, baina, azkenean, Sanchezek Senatura joatea erabaki du, Isabel Rodriguez bozeramaileak gaur jakinarazi duenez.
Eztabaida noiz izango den bihar erabakiko dute Senatuko Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzordean. Alabaina, Ander Gil batzorde horretako presidenteak aurreratu du osoko bilkura datorren asteartean, irailaren 6an, izango dela.
Bestalde, Pedro Sanchez Olaf Scholz kantzilerrarekin bildu da gaur goizean Mesebergen (Alemania), eta bi agintariek berretsi egin dute Espainia eta Europa konektatuko dituen gasbidea eraikitzearen aldeko apustua.
Balizko gas-hodi berria Frantziatik igarotzea aurreikusten du MidCat proiektuak, baina Emmanuel Macron aurka agertu da.
"Scholz kantzilerrak ere ezinbestekotzat ikusten du interkonexioak hobetzea eta eskertzekoa da ikuspegi bera izatea", adierazi du Sanchezek Scholz ondoan zuela.
Frantziaren jarrerari aipu zuzenik egin gabe, Sanchezek esan du gasbidea Europarekin Pirinioen bitartez lotzea ezinezkoa bada, alternatiba penintsula iberiarra eta Italia konektatzea izango litzatekeela.
"Helburua konexio energetikoak hobetzea da eta nola egingo dugun argitu behar dugu, Frantziatik edo Italiatik", berretsi du.
Bestalde, Frantziako Gobernuak gaur iragarri du Espainiako eta Alemaniako gobernuek gasbide berria eraikitzeko mahai gainean jarri duten proposamena aztertu egingo duela.
"Kontu zaharrak dira, baina Espainiako Gobernuko presidentea eta Alemaniako kantzilerra, Frantziaren aliatuak direla eta, beraz, haiek egindako eskaria aztertuko dugu", ziurtatu du Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia eta Finantza ministroak.