Ekonomia -

Erregaiak

Gasolina eta diesela % 12 merkatu dira ekainetik, zazpi aste jarraian prezioek behera egin ondoren

Hala ere, iazko aste berdinarekin alderatuta, gasolina litroaren salneurria % 31 garestiagoa da, eta gasolioaren prezioa % 46 garestitu da.

Gasolindegi bat. Argazkia: EFE
Gasolindegi bat. Argazkia: EFE
Gasolindegi bat. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erregaien batez besteko prezioak behera egin du zazpigarren astez jarraian, eta % 12 baino gehiago merkatu da ekainetik. Orduan eten zuen Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazkak areagotutako gorakada.

Konkretuki, gasolinaren batez besteko prezioa 1,86 euroan kokatu da aste honetan, duela zazpi egun baino % 2,2 merkeago, Europar Batasuneko Petrolio Aldizkariaren arabera. Horrela, zazpigarren astez jarraian, salneurriak behera egin du.

Dieselaren kasuan, prezioa 1,8543 euroan kokatu da aste honetan, % 2,06 behera egin eta seigarren astez jarraian merkatu ondoren.

Gasolio merkeena da maiatzaren 30etik. Gasolinari dagokionez, maiatzaren 16tik mailarik baxuena da.

Bi erregaien salneurriak zergak barne ditu, baina ez apirilaren 1ean indarrean sartu zen 20 zentimoko deskontua; izan ere, deskontu handiagoak aplikatzen dira petrolio konpainiaren eta bezeroak fidelizatzeko promozioen arabera.

Espainiako Gobernuak onartutako deskontua aplikatuz gero, gasolina litroaren batez besteko salneurria 1,66 eurokoa litzateke, eta gasolioarena, 1,65 eurokoa.

Nahiz eta azken asteetan merkatu, erregaien prezioa oso garestia da aurten, azken urteetako udetakoekin alderatuta.

Horrela, iazko aste berdinarekin konparatuta, gasolina litroaren salneurria % 31 garestiagoa da, eta gasolioaren prezioa % 46 garestitu da, indarrean dagoen hobaria kontuan hartu gabe.

Deskontua aplikatuz gero, gasolinaren prezioa 2021eko abuztuaren hasieran baino % 17 garestiagoa da. Gasolioaren salneurriak, aldiz, % 30 egin du gora.

Egungo prezioekin, 55 litroko depositu bat gasolinarekin zein gasolioarekin betetzeko, 90 euro baino gehiago behar dira 20 zentimoko laguntza kontuan hartuta; hau da, iaz baino 13 euro gehiago ordaindu behar dira depositua gasolinaz betetzeko, eta 21,12 euro gehiago gasolioarekin betetzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Espainia KPI Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Gasolioaren prezioaren igoera