Ekonomia -

Lan-gatazka

UGTk, "bakarka", eraginkortasun mugatuko hitzarmen bat sinatuko du Gipuzkoako egoitzetan

UGTk bakarrik langileen ordezkaritzaren % 9 du sektorean. ELAk, aldiz, % 60ko gehiengoa du, eta akordioa "antidemokratikotzat" jo du. LABek ia % 20ko ordezkaritza du, eta gertatutakoa "oso larria" dela uste du.

Artxiboko argazkia: ELA
Artxiboko argazkia: ELA
UGTk Gipuzkoako zahar-etxeetako hitzarmena sinatuko du, ELA eta LAB sindikatuen ezezkoarekin

01:25

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan hitzarmen berri bat "bakarka" sinatuko du UGT sindikatuak. Aurten % 6,5eko soldata igoera jasotzen du hitzarmenak, eta 2024an % 13,5eko igoera izan daitekeela eransten du. Hala ere, eraginkortasun mugatuko hitzarmena da; izan ere, UGTk bakarrik langileen ordezkaritzaren % 9 du sektorean.

Gauzak horrela, gutxiengo sindikalak eta sektoreko patronal gehienek sinatutako akordioa kritikatu du ELAk. Sindikatu abertzaleak % 60ko gehiengoa du, eta akordioa "antidemokratikotzat" jo du. Bestalde, LABek ia % 20ko ordezkaritza du, eta gertatutakoa "oso larria" dela uste du.

Negoziazio mahaiaren azken bilera egin dute gaur, Donostian. "Erantzukizunagatik" akordioa sinatuko dutela iragarri du UGTk ohar batean, "sektore oso feminizatu batean lan-baldintza duinak bermatzea" delako.

Marili Granado UGTko ordezkariak ohartarazi duenez, gutxiengoan sinatuta dagoenez, akordioak eraginkortasun mugatuko hitzarmen bat ekarriko du. Ondorioz, langile bakoitzak enpresari adierazi beharko dio, hitzarmenarekin bat egiteko borondatea, igoera horiek aplikatzeko.

ELAren ahotan, UGTrekin adostutako akordioa "antidemokratikoa" da. Agiri batean salatu duenez, beharginen % 90 baino gehiagori "bizkarra eman" diete, eta "patronalen patrikak betetzeko soilik balioko du".

Sindikatu abertzalearen esanetan, "lau urtetan egindako borrokari" lepoa eman dio UGTk. ELAk gogorarazi duenez, 262 greba egun egin dituzte langileek. Akordioak "soldata arrakala areagotuko du, gizonezko sektoreekin alderatuz, baita sektore bereko enpresen artean ere", erantsi du.

Negoziazio mahaian "gertatutakoa oso larria da", salatu du LABek. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiari akordioa ez babesteko eskatu dio, "emakume langilez barre egitea delako, ehunka greba egunen ondotik".

Gaur, negoziazio mahaian eskainitakoa "ez zen nahikoa", azaldu du LABek. "Kontra proposamena" egiteko asmoa agertu dute sindikatu abertzaleko ordezkariek, baina "ez dute horretarako aukerarik eman, eta eraginkortasun mugatuko akordio bat sinatzeari ateak zabaldu dizkiote".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa ELA LAB Grebak Adegi Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak Sindikatuak Enpresaburuak UGT Lan gatazkak Gipuzkoako Foru Aldundia