Ekonomia -
KPIa
Erregaiek eta elikagai freskoek % 10,2raino igoarazi dute ekaineko KPIa
1985eko apiriletik, mailarik altuena da. Azpiko inflazioa % 5,5ekoa da, hau da, 1993ko abuztutik izandako altuena. EAEn, prezioek % 9,6 egin dute gora ekainean azken urtean, eta Nafarroan, aldiz, % 10,2.
EITB MEDIA
Inflazioa % 10,2raino igo da ekainean, urteko tasan, eta 1985etik hona izandako mailarik altuena hartu du, asteazken honetan Espainiako Estatistika Erakundeak baieztatu duenez. Euskadin, ekainean, prezioek % 1,8 egin dute gora, hau da, 2021ean baino % 9,6 gehiago, eta 2022an orain arte pilatutako inflazioa % 5,7koa da. Nafarroan, ekaineko inflazioa % 10,2koa izan da, urteko tasan, Estatuak markatutako batezbesteko bera.
Prezioen urte arteko gorakada hau erregaiek eta elikagai freskoek eragin dute, bereziki, garestitu egin direlako. Gorakada maiatzean izandakoa baino % 8,7 handiagoa da.
Hegakorrenak diren elementuak kenduta (elikagai freskoak eta energia), azpiko inflazioa % 5,5ekoa da, hau da, 1993ko abuztutik altuena.
Estatu mailako datuak
Testuinguru honetan, eta espainiar Estatu mailan, zergetan izandako azken aldaketak kontuan hartuko ez balira KPIak ekainean izango zuen urte arteko gorakada % 11,1ekoa izango zen, KPI orokorra baino ia puntu bat altuagoa. Hain zuzen ere, argindarraren prezioak % 33,4 igo da ekainean; argindarraren gaineko zergetan izandako azken aldaketak kontuan hartu gabe, gorakada % 52,7koa litzateke, ia hogei puntu gehiago.
Garraioak bultzatu du inflazioa ekainean beste sektoreek baino gehiago; izan ere, % 19,2 igo da, maiatzarekin alderatuta, erregaiak eta labaingarriak gehiago garestitu baitira. Elikagaiak eta edari ez alkoholikoak izeneko sektorean prezioek % 12,9 egin dute gora; aurreko hilabetearekin alderatuta, igoera ia bi puntukoa da, serie historikoa 1994an hasi zenetik altuena.
Ekainean, prezioek % 1,9 egin dute gora, eta maiatzean % 0,8; ekainean izandako tasei erreparatuta, aurtengoa 1977tik honako altuena da.
EAE, lurralez lurralde
Euskadin, lurraldez lurralde, Araban % 9,8 igo da urte arteko KPIa; Bizkaian, % 10; eta Gipuzkoan, % 8,9.
Maiatzarekin alderatuta, KPIa % 1,8 igo da Araban, % 1,9 Bizkaian eta % 1,7 Gipuzkoan.
Datu horiek zehazten dutenez, 2022an, orain arte, inflazioak % 5,7 egin du gora Araban, % 6 Bizkaian, eta % 5,4 Gipuzkoan.
EAEn, inflaziorik handiena izan duen sektorea Garraioa izan da, % 4,8 gorakada izanda; Etxebizitza (% 3,3) eta Elikagaiak eta edari ez alkoholikoak (% 2) dira hurrengoak zerrenda horretan.