Ekonomia -
Greba Mercedesen
ELA, LAB eta ESK: "Tailerretan % 95ekoa da jarraipena; langileek argi utzi dute ez dutela malgutasunik nahi"
Sindikatuon arabera, grebaren jarraipenak erakutsi du "enpresaren eta sindikatu batzuen (UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek ez dute lanuztearekin bat egin) jarrera ez dela izan behar dena". Lehendakariak Alemaniara egindako bisitaz honakoa uste dute: "Ziurrenik, langileria estutzen etorriko dira".
Eider Garaikoetxea O. | eitb media
Mercedesek Gasteizen duen lantegian deitutako greba "jarraipen zabala" izaten ari da, ELA, LAB eta ESK sindikatu deitzaileek eguerdian baieztatu dutenez. "Tailerretan % 95ekoa da jarraipena; langileek argi utzi dute ez dutela malgutasunik nahi".
Sindikatuok deituta, langileek manifestazioa egin dute lantegitik abiatuta, eta, bertan, lanuztearen balorazio "oso positiboa" egin du Mikel Diaz de Alda LABeko ordezkariak. Azaldu duenez, gaurko parte hartzea joan den ostegunekoaren oso antzekoa da, eta "ia inor ez da lanera etorri: behin-behineko langileak, gutxieneko zerbitzuetakoak, eta arduradunen bat". Hala, gaurkoan ez da ibilgailurik egin.
Atzo, asteartea, zuzendaritzak eta langileek bilera egin zuten, eta ordezkaritza zabalena duten sindikatuek, hau da, UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek, bertan behera utzi zuten gaurko deitutako lanuztea. ELA, LAB eta ESK sindikatuek, aldiz, eutsi egin diote deialdiari.
"Langileriaren % 95 horrek argi erakutsi du enpresa eta sindikatu batzuen jarrera ez dela izan behar dena, langileek erakutsi dute ez dutela nahi malgutasun gehiago, ez dutela seigarren gaurik nahi, ezta soldatak KPIra ez lotzea ere".
Iñigo Urkullu lehendakaria Stuttgarten (Alemania) multinazionalaren zuzendaritza nagusiarekin batzartu den egunean egin dute beharginek greba. Hain justu, Urkulluk malgutasuna "barneratzeko" deia egin du Mercedes-Benzera egindako bisitan.
Bisita horri buruz galdetuta, Igor Guevara ELAko ordezkariak erantzun du ez dakitela "zertarako" joan den lehendakaria. "Ziurrenik, langileria estutzen etorriko dira, pribilegiatu batzuk garela esaten, eta hainbeste gustatzen zaizkien gauza horiek esaten. Baina gu gure lan baldintzak ari gara defendatzen, oraingoak zein etorkizunekoak. Jakin badakigu Araban erreferente garela, eta zenbait kontutan atzera egiten badugu, beste enpresa batzuk ere gauza bera egingo dutela gerora", ohartarazi du.
Azkenik, biharko zuzendaritzarekin deituta dagoen bileraren harira, hiru sindikatuok espero dute enpresak zein beste sindikatuek "jarrera aldatzea" eta "benetako negoziazio bati" heltzea, eta ez "inposizioarekin jarraitzea".