Ekonomia -

HENDAIA

Lehendakariak dio Hendaiako Topoaren geltoki berria Atlantikoko Korridorearen katebegi estrategikoa dela

Urkulluk Topoaren geltoki berriaren inaugurazioan parte hartu du. Bidaiarien eraikina handitu, sartzeko baldintzak hobetu eta bigarren erraila eduki ahal izan da.

Lehendakaria Topoaren geltoki berriaren inaugurazioan. Argazkia: Irekia.
Lehendakaria trenaren barruan
Lehendakaria Topoaren geltoki berriaren inaugurazioan. Argazkia: Irekia.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren, Akitania Berriko Eskualde Kontseiluaren eta Iparraldeko Mankomunitatearen arteko elkarlanari esker, "Hendaiako eremu intermodala Europar Batasuna zeharkatzen duen Korridore Atlantikoaren katebegi estrategiko bihurtu da", eta "orain geltoki irisgarriagoa eta ikusgarriagoa dugu, mugaz gaindiko mugikortasunari mesede egiten diona".

Alain Rousset Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko presidentearekin eta Jean-Rene Etchegaray Iparraldeko Mankomunitatekoarekin batera, besteak beste, Topoaren geltoki berriaren inaugurazioan parte hartu du Urkulluk, Hendaiako Multimodal Truke Zentroan.

"Topoaren geltoki berria eraikitzea funtsezko urratsa izan da gure erakundeen arteko lankidetza-lan luze batean", adierazi du.

Lehendakaria Topoaren geltoki berrian izan da. Argazkia: Irekia.

Lehendakariaren hitzetan, "inbertsio hori urrats garrantzitsua da krisi klimatikoaren aurkako borrokaren helburuak ezartzeko", eta gogorarazi du "2030erako Europako oinarrizko trenbide-sarea osatu behar dela, eta, 2050erako, berriz, Europako trenbide-sare globala".

Urkulluk azaldu du Euskotrenek Hendaian jatorria eta helmuga duten 700.000 bidaiari baino gehiago garraiatzen dituela. "Zerbitzu honen erdigunean Euskal Trenbide Sarearen lan eskerga dago, eta, 2020ko ekainetik, mugaz gaindiko biztanleek Hendaiako tren-geltokiaren trenbide bikoitzaz baliatzen dira", gogorarazi du.

Hendaiako geltoki berria

Urkulluk azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak egindako geltoki berriari esker, bidaiarien eraikina handitu ahal izan da, sartzeko baldintzak hobetu dira eta bigarren erraila eduki ahal izan da.

Horrez gain, lehendakariak esan du Transfermuga proiektua martxan dagoela, Donostia eta Irun/Hendaia artean hirugarren erreia ezartzeko asmoarekin, "zuzeneko trenek Baiona eta Donostia lotu ahal izatea erraztuko duena".

Euskal Abiadura Handiko Trenaren aurrerapenak ere gogorarazi ditu, zabalera konbentzionaleko sarea Donostiara, Bilbora eta Gasteizera iristea ahalbidetuko baitu. Hala ere, Urkulluk gaineratu du asko dagoela egiteko, baina "Bordele hegoaldeko trenbide-azpiegituren hobekuntzak onura handiagoak ekarriko dizkiela AHTaren amaierak berez ekarriko dituenak baino eta hirugarren erreiak Irun/Hendaiaraino ekarriko dituenak baino".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken albisteak Urkullu Hendaia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Euskal Y Euskotren azken ordukoa Albisteak Donostia Topoa Garraio publikoa gaur