Ekonomia -
Krisi energetikoa
Erregaien eta argindarraren prezioek markak hautsiz itxi dute martxoa
Aspaldiko urteetan lehen aldiz gasolioa gasolina baino garestiagoa da, eta maximo historiko berri bat ezarri du. Bitartean, gasolina marka berria haustetik % 0,3 eskasera geratu da.
Agentziak | EiTB Media
Energiaren prezioak garestitzeak martxoa maximo historikotan amaitzera eraman dituzte erregaiak zein argindarra. Espainiako Gobernuak salbuespen neurriak hartu behar izan ditu eragina arintzeko.
Azken astean, gasolinaren zein gasolioaren prezioak gora egiten hasi dira berriro, duela egun batzuk arnasa hartzeko aukera eman ondoren petrolio salneurriaren beherakadagatik. Gasolinak historiako bigarren prezio garestiena duen bitartean, gasolioak markak hautsi ditu.
Argindarrari dagokionez, nahiz eta martxoaren bigarren erdian handizkako merkatuetan prezioak behera egin, megawatt orduko 283 euroko batez besteko salneurriarekin itxi du hilabetea, historiako garestiena.
Gasolina litroa 1,818 euroan, eta gasolioa 1,837 euroan
Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka militarrak baldintzatutako testuinguruan, gasolioa zein gasolina lehengai kaltetuenak izan dira. Horregatik, etengabe errekorrak hautsi dituzte azken asteetan.
Europar Batasuneko (EB) Petrolio Txostenaren arabera, 95 oktanoko gasolina batez beste litroa 1,818 euroan ordaintzen da, eta gasolioa 1,837 euroan.
Azken igoera honen ostean, aspaldiko urteetan lehen aldiz gasolioa gasolina baino garestiagoa da, eta maximo historiko berri bat ezarri du. Bitartean, gasolina marka haustetik % 0,3 eskasera geratu da.
Salneurri horiekin, 55 litroko depositu bat gasolina zein gasolioarekin betetzeko 100 euro baino gehiago ordaindu behar dira. Beraz, 2021ko hasieran baino 35 euro gehiago beharrezkoak dira gasolina erabiliz gero, eta gasolioaren kasuan 42 euro gehiago.
Historiako zortzi prezio garestienetatik sei, martxoan
Bestalde, martxoa historiako hil garestiena izan da argindarraren handizkako merkatuan, batez beste megawatt orduko 283,3 euroko salneurriarekin. Abenduan, gaurdaino hilabeterik garestiena, megawatt orduko 239,22 ordaindu ziren. Honenbestez, 2021eko batez besteko prezioa ia hirukoiztu da (111,4 euro megawatt orduko).
Azken hilean argindarrak marka berria hautsi du, konkretuki martxoaren 8an 544,98 euro megawatt orduko. Gainera, historiako zortzi prezio garestienetatik sei martxoan eman dira.
Gainera, megawatt orduko 200 euroko langatik ez da egun bakar batean jaitsi, eta 300 euroak zortzi aldiz gainditu dira, guztiak martxoaren 3tik 10era bitartean, gatazka militarra faserik gordinenean zenean.
Gauzak horrela, martxoko argindarraren faktura historiako garestiena izango da kontsumitzaile arrunt batentzat, batez beste 120 euroak gaindituko dituelako.