Ekonomia -

KPI

Inflazioa % 10etik gertu kokatu da martxoan, 1985etik izan den tasarik altuena

Martxoko KPI aurreratuaren datua % 9,8 da, otsailekoa baino bi puntu handiagoa. Batez ere, elektrizitatearen, erregaien eta elikagaien eta alkoholik gabeko edarien prezioen gorakada nabarmentzen dira.

Supermerkatua. Argazkia: EFE
Supermerkatua.
Prezioak % 9,8 garestitu dira martxoan

1:21

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) % 9,8an kokatu da martxoan, 1985eko maiatzetik azken 37 urteetan izandako urte arteko tasarik altuenean. Aurreko hileko urte arteko KPIarekin alderatuta, 2 puntu egin du gora, eta % 3, otsaileko prezioekin alderatuta.

Espainiako Estatistika Institutuak argitaratutako datu aurreratuen arabera, martxoko urte arteko KPIaren igoera (% 9,8raino) osagai gehienen igoera "orokortuaren" ondorioa da. Batez ere, elektrizitatearen, erregaien eta elikagaien eta alkoholik gabeko edarien prezioen gorakada nabarmentzen dira. 2021eko hil berean baino gehiago igo dira martxoan.

KPIaren datuen aurrerapenean, azpiko inflazioaren estimazio bat sartu du Estatistika Institutuak, prestatu gabeko elikagairik eta produktu energetikorik gabekoa, eta martxoan 4 hamarren igo da, % 3,4raino, 2008ko irailetik izan duen baliorik altuenera.

Azken hilabeteko aldaketari dagokionez, KPIak % 3ko igoera izan du martxoan otsailekoarekin alderatuta, 2002tik hilabete batean izandako gorakadarik handiena. Urte horretan aldatu zuten estatistika horren metodologia, merkatuaren bilakaera hobeto jasotzeko.

Gaur argitaratutako datua KPI aurreratua da. Espainiako Estatistikako Institutuak apirilaren 13an argitaratuko ditu martxoko behin betiko datuak.

Datua "txarra" dela aitortu du Sanchezek, baina onartutako neurriekin "egonkortuko" delakoan dago

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak aitortu duenez, martxoko KPI aurreratuaren datua "txarra" da. Dena dela, espero du exekutiboak Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoei aurre egiteko planari eta, batez ere, gasaren prezioari muga jartzeko akordioari esker, "bilakaerari buelta eman eta egonkortzea".

Kongresuan egindako adierazpenetan, Sanchezek esan du igoeraren % 73 energiaren eta elikagaien garestitze nabarmenagatik izan dela. "Igoera areagotu egin da Ukrainako gerragatik", erantsi du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Espainia bideoak KPI Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Kontsumitzaileen eskubideak