Ekonomia -

Energia

Confebaskek azkar ekiteko eskatu die erakundeei "kolapso ekonomiko eta industriala" saihesteko

Euskal patronalak ohartarazi duenez euskal enpresen egoera maldan behera doa eta "egun gutxitan" itxi beharrean izan daitezke haietako asko; horregatik, hilaren 29an onartu asmo duten Ukrainako gerrari aurre egiteko Plan Nazionalari itxaron gabe neurriak hartzea galdegin du.

Industriako langile bat. EITBko bideo batetik hartutako irudia.
Industriako langile bat. EITBko bideo batetik hartutako irudia.
Industriako langile bat. EITBko bideo batetik hartutako irudia.

Agentziak | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Confebaskek Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu die "lehenbailehen" har ditzatela neurriak kolapso ekonomiko eta industriala saihestu nahi bada eta ohartarazi du ezin dela martxoaren 29ra arte itxaron. Hain zuzen ere egun horretan espero da Ukrainako gerrari erantzuteko Plan Nazionala onartzea, gatazkaren eragin ekonomiko eta sozialei erantzungo diena. Azpimarratu dute "enpresa asko hemendik egun gutxira itxi beharrean" aurkitzeko aukerak handiak direla eta gaineratu duenez, "euskal industriak ezingo dio jardunari luzaro eutsi". 

Ohar batean, euskal patronala eta haren haren erakunde elkartuek -Adegi, Cebek eta Sea- ohartarazi dute euskal enpresen egoera "azkar eta larriki okertzen" ari dela, eta "buelta ematea zaila" suertatuko den puntu batera iristen ari direla.

Confebaskek adierazi duenez, Ukrainako gerraren ondorioz, "gatazka piztu baino lehenagotik ere jada jasangaitzak" ziren energiaren eta lehengaien kostuak "izugarri handitu" dira. Gainera, egoera "larri" horri garraio-greba bat gehitu zaio azken egunotan. Faktore horiek guztiek elkartuta, "mehatxu handia dira jarduera-sektore guztien bideragarritasunarentzat, mota eta tamaina guztietako enpresentzat, eta, oro har, euskal ekonomiarentzat; izan ere, galera handiak eragiten ari baita, bai horniduran, bai fakturazioan".

Adierazi duenez, bi faktore horien ondorioz, "enpresa asko egun gutxitan ixtera behartuta egon daitezke". Hori dela eta, ziurtatu du "premiazkoa" dela administrazioek energia-kostuak murrizteko eta hornidura falta desblokeatzeko beharrezko neurriak hartzea, hilaren 29ra arte itxaron gabe.

Confebaskek gogorarazi du Europan erreferentzia diren beste herrialde batzuek, hala nola Alemaniak, Frantziak eta Italiak, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta industrialei aurre egiteko neurriak hartu dituztela dagoeneko, martxoaren 24an eta 25ean egingo den Europako Goi-bileraren zain egon gabe.

Era berean, euskal patronalak adierazi du Espainiako Gobernuak MW/h-ko argiaren prezioa 180 eurora mugatzeko egindako proposamenak ez duela "arazoa konpontzen", prezio horrek industria osoarentzat "kostu onartezina" izaten jarraitzen duelako, ez soilik sektore elektrointentsiboarentzat.

Bestalde, Confebaskek dei egin die garraioko greban inplikatutako aldeei "erantzukizunez joka dezaten eta merkantzien garraioa desblokeatuko duen premiazko akordio batera irits daitezen".

Laburbilduz, ondorioztatu duenez, neurriak berehala hartzen ez badira, "euskal industriak ezin izango dio bere jarduerari luzaro eutsi", eta egungo egoerak bere horretan jarraituz gero, ondorioak "iragarri ezinak eta inoiz ikusi gabeak" izango dira Euskadiko enpresa-sarearentzat, baita enpleguarentzat eta, oro har, gizartearentzat ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Confebask Espainiako Gobernua Adegi CEBEK SEA Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Elektrizitatea Industria Gas naturala