Ekonomia -
Eztabaida
Lan erreformaren "legitimitatea" babestu behar dela berretsi du Espainiako Gobernuak
Ostegun honetan erabakiko dute lan erreforma onartu ala indargabetuko duten. Oraingoz, Gobernu espainiarrak ez du kide garrantzitsuenen (EAJ eta ERC) babesa ziurtatu.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Gobernuko bozeramaile eta Lurralde Politikako ministro Isabel Rodriguezek lan erreformaren "legitimitatea" babesteko deia egin die indar politiko guztiei. Patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin hitzartutako akordioaren fruitu den lan erreformaz ostegun honetan eztabaidatuko dute, Kongresuan egingo duten saioan.
"Kontu handiz jokatuko dugu... Uste dut alderdi guztiak gogoeta egiten ari direla, eta Espainiaren interes orokorrean pentsatuko dutela", esan du Rodriguezek astelehen honetan egin dioten elkarrizketa batean. Iñigo Urkullurekin izandako bilerari buruz, ordea, ez du txintik esan. Bizitzeko gutxieneko diru-sarreren eskumenari buruz hitz egiteko batu ziren lehengo egunean, baina ez du zehaztu lehendakariaren babesa lortu zuen ala ez.
Bien bitartean, osteguneko hitzordua du buruan Espainiako Gobernuak. Izan ere, orduan jakingo dute lan erreforma onartu ala indargabetuko duten. Oraingoz, Espainaiko Gobernuak ez du kide garrantzitsuenen (EAJ eta ERC) babesa ziurtatu.
"Azken egun eta ordu hauetan lanean ari gara lan erreformarekin lotuta hitzartutako akordioaren garrantzia eta legitimitatea bultzatzeko", esan du. Ildo horretan, nabarmendu du indar politikoak horren parte sentiarazi nahi dituztela, haien babesa lortze aldera.
EAJren balizko babesaz galdetuta, Gobernuko bozeramaileak "zuhur jokatzeko" eskatu du, eta esan du alderdi politiko guztien aldeko botoa nahiko lukeela.
Bukatzeko, lan erreformaren dekretua eta bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren eskumena bereizi nahi izan ditu, "bi kontu ezberdin direlako".