Ekonomia -
AURREIKUSPEN EKONOMIKOAK
Nazioarteko Diru Funtsak munduaren hazkunde aurreikuspena jaitsi du
Susperraldiak jarraitzen duela baina bultzada ahuldu egin dela ohartarazi du Nazioarteko Diru Funtsak. 2022rako munduko aurreikuspenak % 4,9an mantendu ditu.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Munduaren hazkunde aurreikuspena hamarren bat jaitsi du Nazioarteko Diru Funtsaren azken txostenak: % 6 haztea aurreikusi zuen apirilean eta % 5,9 haztea aurreikusi du orain. Koronabirusaren delta aldaerari eta mundu mailan izaten ari diren hornikuntza arazoei egotzi die jaitsiera. 2022rako munduko aurreikuspena % 4,9an utzi du.
"World Economic Outlok" izenburupean egin duen txostenean Nazioarteko Diru Funtsak ohartarazi duenez, ekonomiak hazten jarraitzen badu ere, hazkundearen bultzada ahuldu egin da.
Aurten ere Ameriketako Estatu Batuak (AEB) eta Txina izango dira munduko ekonomiaren eragile nagusiak, hurrenez hurren, % 6 eta % 8 hazita.
Bestalde, munduaren zati handi batean prezioek gora egin dutela onartu du, baina 2022. urtearen hasieratik igoera hori pixkanaka moteltzea aurreikusi du. Aurreikuspenen arabera, ekonomia aurreratuetan inflazioa % 3,6 igoko da aurten, eta, ondoren, % 2ra jaitsiko da 2022. urtearen erdialdean.
Nazioarteko Diru Funtsak % 5,7ra jaitsi du 2021erako Espainiaren hazkunde aurreikuspena
Aurten Espainiako ekonomia uste baino bost hamarren gutxiago haziko dela iragarri du Nazioarteko Diru Funtsak, covid-19aren aldaera berriek eta materialen hornikuntza faltak eraginda. Zehazki, % 5,7 haztea aurreikusi du. Hala ere, 2022an Espainia izango omen da eurogunean hazkunde handiena izango duen estatua, Greziarekin batera. Hasierako aurreikuspenak sei hamarren ondu ditu Nazioarteko Diru Funtsak, % 6,4raino.
Nazioarteko Diru Funtsak inflazioari eta langabeziari buruzko datuak ere jaso ditu. Aurreikuspenen arabera, prezioak % 2,2 haziko dira Espainian, apirilean iragarri baino 1,2 gehiago. 2022an, ostera, % 1,6 garestituko omen dira prezioak.
Langabezia-tasa % 15,4ra jaitsiko omen da aurten, eta % 14,8ra, berriz, 2022an.