Ekonomia -
NOBEL SARIAK
David Card, Joshua Angrist eta Guido Imbens, 2021eko Ekonomiako Nobel saridunak
Hiru ekonomialariek egindako lanak gizarte zientzien ikerketa enpirikoen iraultza eragin dute, Akademiaren esanetan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
David Card, Joshua D. Angrist eta Guido W. Imbens ekonomialariek irabazi dute 2021eko Ekonomiako Nobel saria, Suediako Zientzien Akademiak astelehen honetan jakitera eman duenez. "Lan-merkatuari buruzko ezagutza berriak emateagatik" jaso dute saria.
Gutxieneko soldatak, immigrazioak eta hezkuntzak lan merkatuan duten eragina ikertu du David Card kanadarrak esperimentu naturalen bidez. Bera da aurtengo ekonomia Nobel saridunetako bat. Beste biak, berriz, elkarlanean aritu diren Joshua Angrist estatubatuarra eta Guido Imbens estatubatuar-herbeheretarra dira.
Akademiaren esanetan, hiru ekonomialari hauek egindako lanak gizarte zientzien ikerketa enpirikoen iraultza eragin dute.
Horrela, hiru sarituak Paul R. Milgrom eta Robert B. Wilson ekonomialarien palmares berean izango dira, horiek irabazi baitzuten 2020an Ekonomiako Nobel saria.
Sariaren erdia David Cardentzat izango da, Akademiak hala erabakita, eta Joshua Angristek eta Guido Imbensek beste erdia partekatuko dute.
Abenduaren 10ean egingo da Nobel sari guztiak banatzeko ekitaldia.