Ekonomia -
gazteen prekarietatea
CCOO Gazteak sindikatuak salatu du gazteak ez direla ari susperraldiaren onurak nabaritzen
Sindikatuak 'La precariedad nos quema, babestu zaitez' kanpaina aurkeztu du, euskal gazteen kezka nagusiak agerian uzteko: prekarietatea enpleguan eta etxebizitzan.
o.p. | eitb media
Comisiones Obreras (CCOO) Gazteak sindikatuak La precariedad nos quema, babestu zaitez kanpaina aurkeztu du ostegun honetan, prentsaurreko batean, euskal gazteen egoera soziolaborala salatzeko.
"Euskal gazteen bi kezka nagusiak enplegua eta etxebizitza dira", esan du Sandra Sevilla CCOO Gazteak sindikatuko arduradunak, eta azpimarratu du kontratuen partzialtasuna eta behin-behinekotasuna gazteen artean gainerako herritarrena halako bi dela.
CCOO Euskadiko idazkari nagusi Loli Garciak salatu duenez, lan harremanen eskemak 'klinex' gisa erabili ditu gazteak "hartu, geihegi erabili eta, behar ez denean, bota".
Horrela, 2020ko lehen hiruhilekoko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, EAEko gazteen okupazioak beheranzko joera erakusten duela nabarmendu dute.
EPAk iragarri duen susperraldiaren bidean, Loli Garciak esan du "puntu beltz" asko daudela datu horietan: "Biztanleria aktiboaren inkestaren arabera, gazteak ez dira susperraldiaren onuradun izaten ari, prekarietate eta langabezia maila berberak pairatzen jarraitzen dute".
Deitoratu du, halaber, sortzen ari den enplegua aldi baterakoa dela, eta gazteen langabezia ez dela murriztu; aitzitik, hazten ari da, emakumeen kasuan bereziki.
Etxebizitzaren prekarietateari dagokionez, Sevillak nabarmendu du Euskadiko emantzipazio-tasa EBko baxuenetakoa dela, % 38,5ekoa, hain zuzen ere.
"2020an, EAEn 15 eta 29 urte bitarteko pertsonen % 40,5ek ez zuen uste emantzipazio-proiekturik egin zezakeenik; bakarrik bizi diren gazte askok sentitzen dute uneren batean gurasoen etxera itzuli beharko dutela, eta horri "emantzipazio moztua" deitzen diote adituek.
Hori dela eta, CCOO Gazteak sindikatuak uste du sindikatuen bueltan elkartzea dela "gazteon egoeraren ondorioei aurre egiteko bidea".
"Agenda soziala mahai gainean jartzeko unea iritsi da, langileek beren eskubideak aitortuak izan ditzaten", esan du Loli Garciak.
CCOOk lan erreforma eskatzen du
Lola Santillana Espainiako Comisiones Obreraseko enplegu-idazkariak Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datu onak ospatu ditu; izan ere, langabeziak % 15,26 egin du behera, eta 464.900 enplegu sortu dira estatu osoan. Aldi berean, eskatu du aprobetxatu dadila egoera hori pandemia aurreko enplegu-mailetara itzultzeko eta prekarietatearekin eta behin-behinekotasunarekin amaitzeko.
"Une hau aprobetxatu beharko genuke, Europako funtsekin batera, datozen hiruhilekoetan pandemiaren aurretik genituenak baino enplegu datu hobeekin proiektatzeko", adierazi du Santillanak, eta, gaineratu duenez "herrialde honek ezin du jarraitu prekarietateak, behin-behinekotasunak eta enpleguaren txandakatzeak markatutako lan-merkatua erreproduzitzen".
Horretarako, CCOOren ustez, "funtsezkoa" da 2012ko lan-erreforma behin betikoz aldatzea urtea amaitu baino lehen, aldi baterako kontratua ezabatuko duen erreforma berri batekin. Santillanak adierazi du, gainera, Gobernuak hurrengo Ministroen Kontseiluan Lanbide arteko Gutxieneko Soldata igotzea "beste erremediorik ez" duela.